Mendiko zinemagintzarik onenaz gozatzeko aukera hemen da berriro: abenduaren 9tik 18ra egingo dute BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 15. edizioa. 59 filmek hartuko dute parte, eta bi sari berezi banatuko dira: WOP Mendi Film Saria Eduardo Martinez de Pison geografoari, eta IAMF sari nagusia Michael Dillon zinemagileari. 

Mendia protagonista duten zein bestelako istorioak kontatzeko aitzakia eta testuingurutzat erabiltzen duten nazioarteko proiektu bikainenak biltzen ditu Bilbok urtero abenduko lehen hamabostaldian, eta haien egile zein bultzatzaileentzat topagune ezin aproposagoa bilakatu da Bizkaiko hiriburua, emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatzen baitituzte.

Abenduaren 9tik 18ra ospatuko dute aurtengo edizioa, hamabosgarrena, eta ohi bezala, mendiarekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituzten filmak erakutsiko dituzte. 190 film aurkeztu dira deialdira, eta orotara, 14 herrialdetatik ekarritako 59 lan hautatu dituzte Sail Ofizialean, Zabalandi Sailean eta Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren baitan lehiatzeko.

Euskal Herrian ekoiztutako edota zuzendari euskaldunak dituzten 10 film daude tartean, eta guztiak ikusi eta epaitzeaz Lisa Stolze (marketing aditua eta Red Bull Media House ekoiztetxeko kide izandakoa), Laura Zumiani (Trento Film Festivaleko programatzailea eta Italiako zinema jaialdien elkargoko zuzendaritzako kidea), Iratxe Fresneda (zinemagilea, gidoilaria eta EHUko irakaslea), Josué Vergara (musikari eta soinu banden konposatzailea) eta Albert Pascual (zinemagilea eta argazki zuzendaria) arduratuko dira. 25.000 euro banatuko dituzte saritan.

Emanaldiak Bilboko BBK Aretoan, Euskalduna Jauregian eta Azkuna Zentroko Golem zinemetan egingo dituzte. Pandemiak baldintzatutako aurreko bi urteetan ez bezala, edukiera mugarik gabeko jaialdia izango da. Xehetasunak azaroan argituko dituztela aurreratu dute antolatzaileek.

Ezagutu 15. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdian lehiatuko diren lan guztiak, jarraian.

 

WOP MENDI FILM SARIA: Eduardo Martínez de Pisón

Eduardo Martinez de Pison geografo, idazle eta alpinistak jasoko du 2022ko edizioan BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdian WOP-The Walk On Project Mendi Film Sari Nagusia. Alpinismoaren balioen aldeko defentsa saritzen duen golardoa da honakoa, eta 9. urtez jarraian emango da Mendi Filmen.

Abenduaren 11ean, igandea, 17:00etatik aurrera Sala BBK-n ospatuko da ekitaldia.

 

IAMF GRAND PRIZE: Michael Dillon

Aurten, Michael Dilloni saritzea erabaki du Mendiko Zinemarako Nazioarteko Aliantzak, mendiko zinemaren esparruan egindako lanagatik. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiko 2020ko Sari Nagusia irabazi zuen Hillary – Ocean to Sky filmari esker, mendi zinemagintzaren historiako egile sarituena da.

Abenduaren 16an, ostirala, 19:30etik aurrera egingo da sari-banaketa ekitaldia Sala BBK aretoan.

 

MENDI FILM BIZKAIA – TERNUA BEKA

Mendiko zinemagintzan murgildu nahi duten zinegile gazteen (18-35) lana sustatzeko, 10.000 euro eta aholkularitza eskaintzen dituen beka sortu zuten duela bi urte Mendi Filmek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ternua outdoor enpresak.

Beka bigarren edizioan jaso zuen Marina Garcia Andreu zuzendari asturiarrak Lobos filma egin ahal izan du laguntza horrekin, eta estreinaldia abenduaren 14an, 20:00etan, egingo dute Golem aretoan. Bertan iragarriko da, gainera, bekaren 3. deialdia zein proiektuk irabazi duen (2023an estreinatzeko), eta 4. deialdia aurkeztuko da.