Badoan mundu baten eta badatorenaren aurreko lekuko isila. Asier Altunak zuzendutako Amama (2015) filma programatuko du Euskal Telebistaren euskarazko kateak gaur, 23:30etik aurrera. Zinemazale euskaltzaleen haserrea sortu du ordutegiaren hautuak.
Jatorri bat, bi norabide. Baserriaren eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, gurasoen eta seme-alaben arteko ezin ulertua. Bizitza ulertzeko eta bizitzari aurre egiteko bi modu, elkarren aurka. Bi mundu horien artean artean gatazkan dagoen familia baten istorioa jasotzen du Amama filmak, eder bezain maisu.
Altunak 2015eko Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen filma, eta Euskal Zinemaren Irizar saria jaso zuen. Geroztik, nazioarteko dozenaka jaialditan hartu du parte euskal tradizioaren eta modernitatearen arteko haustura irudikatzen duen dramak, eta beste hainbat sari ere eskuratu ditu. Kandido Uranga, Iraia Elias, Ander Lipus eta Klara Badiola aktoreak ditu protagonista.
2019ko otsailean emititu zuen lehen aldiz Euskal Telebistak, prime time ordutegian, eta emanaldi berri bat programatu dute gaur gauerako. Oraingoan hautatu duten emisio tarteak, ordea, asaldura sortu du euskal ikus-entzuleen artean. Izan ere, lana 23:30etik aurrera izango da ikusgai ETB1en.