Zabalik da apirilaren 21etik 28ra arte ospatuko den Giza Eskubideen 20. Zinemaldian film laburrak eta film luzeak inskribatzeko epealdia. Urtarrilaren 8an ezarri dute proiektuak aurkezteko epe-muga.

Hautaketa batzorde batek aukeratuko ditu lehiaketan parte hartuko duten film luze eta laburrak. Aukeraketa horretan parte hartzeko, filmak  2021ko urtarrilaren 1a ondoren egindakoak izan beharko dute, eta giza eskubideen inguruko edozein gaiari buruzkoak izan daitezke.

Iraupenari dagokionez, 30 minututan ezarri dute muga. Hortik gorako lanek, film luzeen kategorian parte hartu beharko dute, eta beherakoek, film laburrenean.

Izen-emateak Movibeta plataformaren bitartez egin beharko dira film luzeen kasuan; film laburrek, aldiz, Short Film Depot erabiliko dute. Parte hartzeko izena emateko epea 2022ko azaroaren 11 eta 2023ko urtarrilaren 8ra bitartean egongo da zabalik.

20. Giza Eskubideen Zinemaldian parte hartzeko filmek bete behar dituzten baldintzak eta izen-ematearen oinarriak hobeto ezagutzeko, sakatu hemen.