Katixa Agirrek idatzitako Zinema festa bat da liburua argitaratu dute Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturak eta Donostia Zinemaldiak, Zinemaldiaren 70. urteurrena ospatzeko ekitaldien abaroan. Literaktum jaialdiaren baitan, Tabakaleran, egingo dute bihar aurkezpena.

Donostia Zinemaldiaren laguntzarekin Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak euskaraz argitaratu dute Nosferatu Bildumaren X. zenbakia. Zinema festa bat da. Enkontru ezinezko bat Zinemaldiaren 70. Urteurrenean izenpean, “premisa original eta dibertigarri batetik” abiatutako istoroa proposatu du Katixa Agirre idazleak bertan: Miramar jauregiak festa berezi bat hartuko du Donostia Zinemaldiaren 70 urteak ospatzeko, eta hantxe bilduko dira komunean bi ezaugarri dituzten gonbidatu berezi samarrak: Donostia Saria jaso izan dute inoiz eta hilda daude egun.

Irantzu Piquerorenak dira liburuaren azala eta kontrazala, eta kontakizun fresko bezain dibertigarria da emaitza: “Lauren Bacall inoiz baino eleganteagoa agertuko da, Gregory Peckek lanak izango ditu egoera ulertzen, Max von Sydow dantza egitera etorri da, Agnès Varda dokumental bat egiten saiatuko da eta, nola ez, Bette Davisek anfitrioi lanak hartuko ditu bere gain”. “Gaua sorpresez, ika-mikez, mozkorraldiz eta oroitzapenez beteko da. Azkenean denak ados jarriko dira: zinema festa bat da, eta ospatu beharra dago”, azpimarratu du egileak.

Ruth Pérez de Anucita Donostia Zinemaldiko Komunikazio arduradunak planteatutako galderei jarraika, Literaktum jaialdiaren baitan aurkeztuko du bihar, 18:00etatik aurrera, Tabakalerako zinema-aretoan egingo den ekitaldian.

Sarrera librea da eta gonbidapenak Tabakaleraren webgunean erreserba daitezke jada. Ondoren, eta Nosferatu zikloari eutsita, Ryusuke Hamaguchiren Passion (2008) filmaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Kasu honetan, aldiz, ezinbestekoa da sarrera erostea behar da.