Xuban Intxaustik ondutako Gesto dokumentalaren emanaldi berezi bat hartuko du gaur, 19:30etik aurrera, Iruñeko Golem Baiona aretoak. Zuzendaria bera arduratuko da filma aurkezteaz.

Gogoan elkartearen enkargupean, Gesto por la Paz – Bakearen Aldeko Koordinakundearen ibilbidea omendu nahian sortutako pieza dokumentala da Gesto. 30 urte,  bakearen alde eta Euskal Herriko indarkeriaren aurka lan egin zuen euskal bakezaletasunaren memoriaren aldeko bidaia bat.

Hain zuzen, Bakearen Aldeko Koordinakundean aritutako norbanakoak dira filmaren protagonista, eta iraganeko irudiak ikusiz egiten duten bidaia izango da dokumentalaren hari-eroalea. Beren bizipen eta iritzi propioak azaleratu, eta erakunde bakezalearen oinarriak, ekintzak eta printzipio etikoak gaur egun indarrean jarraitzen dutela aldarrikatuko dute. Era berean,  filmaren xedea zera da bereziki, indarkeriaren aurka modu baketsuan agertu ziren eta pertsona guztien Giza Eskubideen errespetua defendatu zuten herritar guztiak omentzea.

Bada, iragan Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan eman zituen lehen urratsak dokumentalak. ZINEMIRA atalean, ikusmiraz beteriko emanaldi sorta batekin. Orain, aldiz, herriz-herriko ibilbidea egiteari emango diote hasiera.

Xuban Intxausti zuzendariak berak, Iruñeko Golem Baiona aretoan aurkeztuko du gaur, 19:30tik aurrera egingo duten emanaldian. Sarrerak eskuratzeko, sakatu hemen.