Elbira Zipitria omentze aldera sortutako egitarauaren bigarren ekitaldi gisara, Josu Martinezen Anti filma emango dute bihar, azaroaren 23an, Donostiako San Telmo Museoan. 19:00tan jarri dute hitzordua eta Oihana Maritorenak gidatutako solasaldia egingo dute jarraian.

1921eko negua. Frantziaren alde lau urtez fronteetan borrokatu ondotik, soldadu joandako herritarrak Baxenafarroako Bizkarsoro herrixkara itzuli dira. Juduaren izar horia, agotaren belarria bezala, eskolan euskaraz mintzo diren haurrak, ANTI izeneko ziri mutur batekin seinalatuak dira.

Josu Martinez zuzendariaren BIZKARSORO PROIEKTUAren baitako bigarren laburra da honakoa. Obra bakarreko lau pieza proposatu ditu orain arte Martinezek; Baigorri herrian filmaturikak denak: Ama (2018), Anti (2019), Subandila (2021) eta Hitzak (2022). XX. mendeko garai ezberdinetan, Bizkarsoro izeneko fikziozko herri baten gertakariak kontatzen dizkigute, Euskal-Herriko herri ttipi batek XX. mendean ezagututako aldaketa soziolinguistikoak azaleratzeko helburuz.

Hain zuzen, filmak azaleratzen dituen haur euskaldunen zigorrak ardatz, Oihana Maritorenak gidatutako solasaldia egingo dute emanaldiaren ostean, Ainize Madariaga, Kontxita Beitia eta Jone Forcada gonbidatuen parte-hartzearekin.