Bidea sendo egiten ari da Irati, Paul Urkijok zuzendutako bigarren filma. Ezagutu berri dugu ikusleen saria, prentsak ebatzitako Gato Rabioso saria eta Efektu Berezi Onenen saria jaso dituela Malagako Fancine Jaialdiaren 32. edizioan.
Euskal Herriko mitologiaren parte diren pertsonaia eta izakiak, ezpata-borrokak eta Euskal Herriko paisaia ezagunak. VIII. mendeko garai historiko ilunean girotua dago filma, eta Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati komiki ezaguna du oinarri, ikuspegi “ilun eta epiko batera eramanda”.
2021eko azaroan bukatu zituzten filmaketa-lanak Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Huescako hainbat lekutan, besteak beste, kokaleku enblematiko historikoetan, hala nola Loarreko gazteluan eta Arrikrutz, Leize eta Pozalaguako kobazuloetan. Postprodukzio prozesu luze baten ostean, filma urriaren 6tik 16ra ospatu zen Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztuz eman zioten hasiera aurkezpen bideari. Filma pantailaratzearekin batera denen ahotan izan da Irati, laudorioak izan dira nagusi bertaratutako zinemazaleen artean zein sare sozialetan. Eta sariak ere bai; sorpresarik ez eta Publikoaren Saria zein efektu berezi onenen saria eskuratu zituen jaialdi katalanean.
Aste batzuk beranduago, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean nagusitu zen filma. Bada aurrekari bat: Edgar Wright zuzendari britainiarra 2013ko eta 2021eko edizioetan irribarretsu itzuli zen sorterrira. Baina Paul Urkijok handia egin du: historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen. 2017an, ikus-entzuleek Errementari izan zuten film gogokoena, eta 2022ko edizioan ere, zinemagile gasteiztarraren proiektu epiko berria (euskal zinemagintzako garestiena, gaur arte) goratu dute.
Aipaturiko errekonozimenduen zerrendara batuko dira orain Malaga aldetik heldutakoak: ikusleen saria, prentsak banaturiko Gato Rabioso saria eta Efektu Berezi Onenen saria.
Filmaren nondik norakoak
VIII. mendea. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarreko jaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Bizitza ematea suposatuko dion odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzea lortuko, baina lehenago, Eneko semeari hitz emanarizko dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian.
Urte batzuk beranduago, helburu zehatz batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, Karlomagnoren altxorrarekin batera modu paganoan lurperatuta dagoena. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko bat. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.
Euskaraz errodatuta, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate jarri ditu Urkijok bikote protagonistaren azaletan, eta Iñigo Aranbarrik, Elena Urizek, Iñaki Beraetxek, Ramon Agirrek, Kepa Errastik eta Itziar Ituñok osatu dute aktore-zerrenda. Ikusgarri Films, Bainet eta Kilima Media ekoiztetxeek babestu dute proiektua, eta izen ezagunak ageri dira ere talde-teknikoa osatzen duten profesionalen artean: Gorka Lazkano –Errementari filmean ere aritutakoa- da ekoizpenaren euskara arduraduna; Gorka Gomezek jardun du argazki-zuzendari lanetan; eta Akelarre (2020) filmerako sortutako doinu bikainei esker Goya saria irabazi zuten Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregik idatzi dute musika.
Halaber, VFXak Alive VFX taldeak egin ditu, David Herasen gidaritzapean; efektu bereziak, Drama FXk, Jon Serranoren gidaritzapean; eta makillajea, Pedro Rodríguez “Pedrati”-ren lana izan da.
RTVE eta EiTBren partaidetza du ekoizpenak, eta Filmaxen eskutik helduko da zinema-aretoetara otsailaren 24an.