Les etrusques, une civilisation mysterieuse de la Méditerranée dokumentala gailendu FICAB – Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXII. edizioan. Itziar Ituño aktorea buru zuen epaimahaiak asteburuan iragarri du film sarituen zerrenda.
Arkeologoek egindako lanetatik abiatuta sortu diren ikus-entzunezkoen bidez, proiektu horien sustapena eta dibulgazioa ziurtatuz, jendeari arkeologia ezagutzera ematea du helburu Irungo Udalak eta Oiasso Erromatar Museoak antolatutako Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak. Azaroaren 14tik 19ra bitarte ospatu dute XXII. ekitaldia, eta Tuttankamonen hilobiaren aurkikuntzaren mendeurrenenaren aitzakiapean, zinemaldiak Antzinako Egipto izango du gogoan, besteak beste, edizioko kartel ofizialean.
Guztira, nazioarteko 30 lan inguru izan dira ikusgai, film labur eta luzeak, eta horiek, aurrez aurre zein online (Festhome plataforman) ikusi ahal izan dira. Egunero, hiru saio izan ditu festibalak: goizean, Hezkuntza atalari dagokiona, Donostiako Tabakaleran; arratsaldean, sail ofizialeko bi, Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan eta auditorioan. Bestalde, Aquariumean ere zenbait saio atondu dituzte, itsas arkeologiarekin harremana duten filmei zegozkienak. Urtero legez, gainera, AudescMobile – ONCE-k bultzatzen duen doaneko audio-deskribapen sisteman eskuragarri egon da egitarauaren parte zen film bat: Javier Trueba El sueño de la vida eterna (2020), hain zuzen ere.
Itziar Ituño aktorea izendatu zuten epaimahai buru, eta aldamenean eduki ditu Amaia Arranz arkeobotanikan doktorea eta Historiaurrean aditua; Carlos Coros antropologoa eta Los Andeseko Museo Arkeologikoaren zuzendaria; Fernando Perez Azkuna Zentroko zuzendaria; eta Mertxe Urteaga, arkeologian doktorea eta festibalaren sortzailea. Hilaren 19an, larunbatean, ospatu zuten sari-banaketa ekitaldia Irungo Amaia KZn, eta bertan iragarri zuten 22. edizioko palmaresa. Ondoren, Monty Python taldeak sortutako Monty Python and the Holy Grail (1975) komediaren emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratuek.
Honakoa duzue sarituen zerrenda:
- Jaialdiko Sari Nagusia: Les etrusques, une civilisation mysterieuse de la Méditerranée (Alexis de Favitsky)
- Publikoaren Sari Berezia: El sueño de la vida de eterna (Javier Trueba)
- Hezkuntza Sailaren Saria: The Antikythera Cosmos (Martin Freeth)
- Hezkuntza Saileko Aipamen Berezia: Arte paleolitikoa argitara (Alaitz Ochoa de Eribe)
- Zientzi dibulgazioaren ARKEOLAN Saria: L´Appia Minturnae. Il videodiario di scavo (Gianmatteo Matullo)