Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento (Angélica Restrepo eta Carlos Velandia) animaziozko lanak irabazi du ZINEBIko Sari Nagusia, eta EQZEn sortutako Wild Flowers (Divlje Cvijeć) saiakera-filmikoak lortu du film laburren Euskal Zinemaren Sari Nagusia. Opera primen ZIFF lehiaketan ere bi sortzaile kolonbiarren lanak nabarmendu dituzte: Anhell 69 (Theo Montoya) izan da nagusi, eta aipamen berezia Nuestra película (Diana Bustamante) film luzeak jaso du.

ZINEBI64-irabazleak-zinea

ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak gaur agurtuko du 64. edizioa. Arriaga Antzokian, Albert Serra kataluniar zinemagileak aurtengo hirugarren Ohorezko Mikeldi saria jasoko du, eta galan bertan, 2022ko festibaleko irabazleek agertokira igo eta eskerrak emateko aukera izango dute. Film labur sarituak, gainera, pantaila handian proiektatuko dituzte berriz.

Film laburren sail ofizialean 36 herrialdetako 57 filmek parte hartu dute film laburren sail ofizialean, eta Anca Caramelea Errumaniako programatzaileak (Cine Ecozine Jaialdia); Hilke Doering Oberhausengo Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren arduradunak; Juan Soto zuzendari, ekintzaile eta artxibista kolonbiarrak; Sabina Urraca idazleak; eta Begoña Vicario animazio-zinemako zuzendari eta espezialistak izan dute horiek ikusi eta baloratzeko eskumena. Bada, ezagun dira dagoeneko ZINEBI64ko sarituak.

Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento animaziozko ekoizpen kolonbiarrak irabazi du ZINEBIko Sari Nagusia. Angélica Restrepok eta Carlos Velandiak zuzendutako lanak “ikusleari denboran, espazioan eta oroitzapenen paisaien soinuan zehar bidaiatzeko aukera” ematen diola nabarmendu dute epaimahaikideek, “gure inguruan desegiten diren memoria mingarrietan barrena gidatuz”. Ohi bezala, fikziozko, animaziozko eta film labur dokumental onenak ere zeintzuk diren erabaki dute: Backflip (Nikita Diakur), Searching Heleny (Esther Vital) eta Balls (Gorana Jovanović) izan dira garaile, hurrenez hurren.

Bestalde, Elías Qurejeta Zine Eskolaren baitan sortutako Wild Flowers (Divlje Cvijeć) saiakera-filmikoak lortu du Euskal Zinemaren Sari Nagusia. Karla Crnčević zinemagile gazte kroaziarrak “esplorazio ausarta eta zintzoa” egin duela aitortu du epaimahaiak, berau sortzeko erabili dituen artxiboko materialei zein egileari berari galdetuz, “memoriaren hauskortasuna baliatuz, oroipenean gainjartzen diren geruzak erakutsiz”. ZINEBI64ko irekiera-ekitaldian pantailaratu zuten film laburra, Arriaga Antzokian. Irakurri kronika, hemen. Aldiz, Espainiako Zinemaren Sari Nagusiaren hartzaile, Alba Esquinasek zuzendutako Olores da: “Pieza biribila, non basakeria eta samurtasuna eskutik doazen eta, baliabideen erabilera zehatzari esker, gailentzen den narratiba sakonki sentsorial bat eraikitzen duten”.

Publikoaren ETB Sariari dagokionez, Searching Heleny (Cadê Heleny) espainiar-brasildar koprodukzioa nagusitu da. Bilboko FAS zineklubeko kideek ebatzitako sariaren irabazle Espera y sedimento (Tana Garrido Ruiz) euskal ekoizpena izan da. UNICEF Saria “bakardadean hazten den haurtzaroaz hitz egiten” duen Son of the Sun (Dastan Madalbekov) film laburrak eraman du, eta European Film Awards 2023 ekimenean izateko eskumena Zoon (Jonatan Schwnk) animaziozko lanak irabazi du.

ZIFF sariak

Berlin, Venezia, Cannes eta Karlovy Vary zinema jaialdietan aurkeztu diren 9 opera prima lehiatu dira ZIFF – Zinebi First Film lehiaketan, eta denen nagusi, Theo Montoya kolonbiarraren Anhell69 lan hibridoa izan da. Epaimahaiak ondokoa aipatu du: “Bere pertsonaia aparta bakoitzaz maitemindu gara; bere egitura poetiko bikainaz maitemindu gara; bere hibridotasun formalaz eta asmamenaz maitemindu gara; baina horretaz guztiaz gain, film bikain honetatik sortzen diren promes artistiko paregabe ugariez ere maitemindu gara. Gora Kolonbiako zinema!”. Irakurri filmaren kritika, jarraian.

Nicole Brenez, Carlos Marañón, Marta Popivoda epaimahaikideek aipamen berezia egin nahi izan diote kolonbiarra ere den Nuestra película lanari (Diana Bustamante), eta gazteriaren epaimahaiak How to Save a Dead Friend (Marusya Syroechkovskaya) goratu du.

ZINEBI NETWORKING eta AUKERA sariak

13 proiektuk parte hartu dute Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) batera antolatuta, eta ETBrekin, Zineuskadirekin, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin eta ICAArekin lankidetzan, ZINEBIK bosgarrenez antolatuko ZINEBI NETWORKING foroan. Pello Gutierrez Peñalbaren Zikuñagako ama euskal proiektua saritu dute, eta aurten, aurrenekoz, Espainiako Estatuari irekitako deialdian, Elena dio a luz un hermoso niño (Chiara Marañón eta Juan Soto) proiektuko arduradunek jaso dituzte 10.000 euroak.

AUKERA sariei dagokienez, Ultramarino (Maren Zubeldia) filmak irabazi du (H)emen Saria; Sortzaileen Saria, berriz, Beatriz de Silva zuzendariaren 87 hadas lanak; eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Saria, euskarazko proiekturik onenari ematen zaiona, Uxue Botasen eta Ane Nafarrateren Komando Marmitako filmarentzat izan da.