ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak gaur agurtuko du 64. edizioa. Arriaga Antzokian, nazioarteko epaimahaiak sari ofizialen berri emango du, eta ostean, film irabazleak pantailaratuko dituzte.
Albert Serra kataluniar zinemagileak aurtengo hirugarren Ohorezko Mikeldi saria jasoko du, gaur, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren itxiera-ekitaldian. 19:30ean ekingo diote galari, eta hilaren 11n gertatu bezala, Maria Goirizelaiak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzenduko dute gala. Aldiz, GHAU taldearen aldakortasun artistikoak girotuko du festa. Epaimahaiak, gainera, sari ofizialen berri eman eta eta ostean, film irabazleak pantailaratuko dituzte.
Jaialdiko antolatzaileen hitzetan, mendebaldeko artean ibili den eta igarotzen den bide ezberdinetan inspiratutako irudi ahaztezinak eraiki ditu Serrak: “Jaialdiak ikusmin handiko eta mugimenduan dauden irudien edertasunari buruzko bere ikusmolde erradikalean erostezina den zinemagile baten obra osoa aintzatesten du. Nahikoa da aipatzea Serra Espainiako Estatuan ekoitzitako zinemaren ordezkari bakarra izan zela munduko zinemaldirik garrantzitsuenaren sail ofizialean, Cannesen, hain zuzen ere. Han aurkeztu zuen Pacifiction (2022), bere azken fikziozko lana”.
Zinema garaikidean, egile izaera hobekien gorpuzten duen zinemagilea dela iritzi du ZINEBIk, eta nabarmendu dute nazioarteko zinema jaialdi entzutetsuetan saridun izan dela: Epaimahaiaren Sari Berezia Canneseko Un certain regard sailean (Liberté, 2021); Marseillako Zinemaldiko Film Onenaren Saria (Roi Soleil, 2018); Locarnoko Jaialdian Film Onenaren Urrezko Lehoinabarra (Història de la meva mort, 2013), besteak beste.
Atzo arratsaldean, Serra eta Harvard Unibertsitateko Film Study Centerreko aholkulari eta Mar del Platako (Argentina) Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendari artistiko ohia den Cecilia Barrionuevo Bilboko Guggenheim Museoko Auditorioan elkartu ziren, Ohorezko Mikeldi saridunari eskainitako topaketa.