Gaur bertan jarriko dute lehenengo atala entzungai, eta hilabeteko maiztasunez, ohiko euskarrietan ahalbidetuko dituzte Espainiako ikus-entzunezkoen ekosistema ezagutarazteko helburu duten edukiak.
Donostia Zinemaldiaren babesa duen Spanish Screenings XXL. merkatuak dibulgazio-tresna berria iragarri du. Industriari eta publiko orokorrari Espainiako ikus-entzunezkoen ekosistema ezagutarazteko espazioa izan nahi duen podcastaa ajrri dute martxan, eta hilero argitaratuko dute ale berri bat. Horietan, industriaren balio-kateko eragileei ahotsa emango zaie, eta sektoreko profesional garrantzitsuek moderatuko dituzte solasaldiak. Parte-hartzaile bakoitzak bere iritzia partekatuko du atal bakoitzaren gai nagusiari buruz, eta anekdotek eta zinema-gomendioek ere tartea izango dute.
Gaur kaleratuko dute Spanish Screenings 360. The Podcast egitasmoko lehen alea, eta Chema García Ibarra zuzendari, ekoizle eta gidoilaria (Espiritu Sakratua), María del Puy Alvarado Landa ekoizlea (Malvalanda) eta Gloria Bretones banatzaile eta ekoizlea (Begin Again Films eta Centuria Films) izango dira hizlari. Moderatzailea Hebe Tabachnik izango da, ekoizlea eta Iberoamerikako zinemaren programatzailea da Los Angeleseko, Palm Springseko eta Sundanceko zinema-jaialdietan, besteak beste. Hainbat gai jorratuko dituzte saioan: nazioartekotzeko estrategiak, aurrera eramateko formulak eta Espainiako ikus-entzunezko industriak dituen erronkak, eta berdintasunaren eta jasangarritasunaren aldetik duen egoera.
Lehen atalak, gainera, Filmoteca Españolaren laguntza du, Peraleseko Jauregiko proiekzio-aretoa erabili baita grabaziorako.
Spanish Screenings 360. The Podcast Spotifyn, Ivooxen eta Apple Podcasten eskura daiteke, eta bideo-formatuan eta ingelesezko azpitituluekin, YouTuben. Music Library & SFX enpresaren lankidetza du egitasmoak.
Hizketarako gaiak
Datozen ataletan, Spanish Screenings XXL proiektuaren zeharkako gaiak jorratuko dituzte, hala nola, berdintasuna edo aniztasuna. Espainiako ikus-entzunezko industrian berdintasuna lortzeko bideari buruzko atalean ondorengo eragileen ikuspuntua ezagutu ahalko da: Carla Sospedra, ekoizlea, produktore eragile independentea (Alcarràs) eta Dones Visualsen Zuzendaritza Batzordeko kidea; Alba Sotorra, zuzendaria (El retorno: la vida después del ISIS) eta Alba Sotorra Cinema Productionsen ekoizlea; eta Carlos Loureda, zinema-kritikaria eta programatzailea, AICE eta Académie des lumières-eko kidea.
Bestalde, ikus-entzunezkoen aniztasunari buruzko atalean Carlos R. Rios, D’A Film Festivalen zuzendaria eta Noucinemartekin banatzailea; Adrian Silvestre, zinema-zuzendaria (Mi Vacío y yo), eta Zaida Carmona, zinema-zuzendaria (La amiga de mi amiga) eta sare sozialen kudeatzailea, FILMINen izango dira gonbidatuak. Haien ikuspuntua azalduko dute hainbat gairen inguruan: inklusioan izandako aurrerapenak, estereotipoei aurre egiteko moduak, ikus-entzunezko generoen espektroan aniztasuna dagoen ala ez Espainiako industrian eta aniztasun handiagoa lortzeko oztopoak zein diren.
Spanish Screenings XXL Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Europako Funtsek bultzatutako plan bat da, eta lau lan-ardatz ditu; hots: Content, Financing & Tech, On Tour eta 360. Plan horrek helburu du Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzea. Horrela, ‘Spanish Screenings XXL. Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako nazioarteko merkatu bat’ izatera igaro zen proiektua 2022an, Kultura eta Kirol Ministerioak sustatuta, ICAAren bidez, eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez, ICEX dela medio. Baita Málagako zinema-jaialdiaren eta Donostia Zinemaldiaren babesarekin ere.