Gaur, Gasteizko Artium Museoan, eta bihar, Donostiako Tabakaleran pantailaratuko dute Esther Pérez de Eulatek zuzendutako lana. Sortzaileak bi saioetan hitza hartuko du.
Euskal emakume zinemagileak II zikloa gauzatzen ari da Euskadiko Filmategia hilabeteotan. 2022ko programazioa itxiko du ekimenak, izan ere, abendura bitartean, euskal emakume zinemagileren lanak ari dira pantailaratzen Bilboko, Gasteizko eta Donostiako egoitzetan. Iaz abiatutako ekimen honek berezitasun nabariak ditu: gutxienez hiru urtetan zehar garatzeko asmoa dute, eta beren ibilbideetan gutxienez film luze bat grabatu duten euskal emakume zinemagileen ekarpena nabarmentzea du helburu.
Bada, ondorengoa da filmen zikloa osatzeko egin den komisariotza proposamena: omenduko diren zinemagile horietako bakoitzak libreki hautatuko du bere film guztien artean zein erakutsi nahi duen, eta jendaurrean aurkezteko eta publikoarekin eztabaidatzeko gonbita egingo zaio.
Aste bukaera honetan, Esther Pérez de Eulate gasteiztarra izango dute gonbidatu, eta POÉTICA PÚBLICA. PLAZA (2010) filma eskaini ostean, hitza hartuko du. Gaur bertan, Artium Museoan, eta bihar, Donostiako Tabakaleran eskainiko dute ordubete eskas irauten duen lana, 19:00etan.
7 urtez, 2003tik 2010era, Reina Sofía Museoko plaza filmatu zuen sortzaileak, eta dokumentalak grabaketa horien une adierazgarrienak nahasten ditu: gizarte mugimenduak, aldarrikapen politikoak, bizitza arrunta, emanaldiak, nazioarteko ekitaldiak, intimitate handiko uneak, ospakizunak, bizitzako etapak, museoaren eraldaketa, marruskadura pertsonalak, aisialdia…