ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren baitan, Azkuna Zentroan ospatu dute egunotan ZINEBI NETWORKING: Dokumentalen Sorgunea, Bilboko Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren bosgarren edizioa.

Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) batera antolatuta, eta ETBrekin, Zineuskadirekin, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin eta ICAArekin lankidetzan, bosgarrenez antolatu du ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak zinema dokumentaleko foro profesionala. Festibalaren 64. ekitaldiaren testuinguruan, beren proiektu dokumentalak arrakastaz garatzeko moduari buruzko aholkuak ematen dizkieten profesionalekin eta adituekin harremanetan jartzeko aukera eskaini die 2022ko ekimenean parte hartzeko hautatuak izan diren 13 proiektuen ordezkariei.

Besteak beste, jendaurrean aurkeztu dira 10.000 euroko ZINEBI EITB 2022 saria eskuratzeko lehiatu diren film luze dokumentalen bost euskal proiektuak:

  • 36, zuri beltzan (Ainhoa Urgoitia & Enrique Rey), Guillermo Martinez eta Naiara Olite ekoizleena.
  • Esto no es Hollywood (Jone Ibarretxe & Nere Falagan), Euskadi Movie AIE ekoiztetxearena.
  • Itaca (Juan Prado), El Burro Films S. L. y Chisgarabis Kinorena.
  • La sinsorga (Marta Gomez &Paula Iglesias Calderón), Al Borde Films ekoiztetxearena.
  • Zikuñagako Ama (Pello Gutiérrez Peñalba), Zazpi T’erdi ekoiztetxearena.

Bost proiektu horien arduradunek banakako bilerak egin dituzte epaimahaiko kideekin proiektuak baloratzeko: Gloria Bretones, Begin Again Films zinema-banatzaile independentearen sortzailea eta Centuria Filmseko ekoizle exekutiboa; Zaida Carmona, FILMINeko zine zuzendaria eta social media managerra; Anette Dujisin, Portugalgo FILMIN dibisioko kudeatzailea; Cintia Gil, Sheffield Doc/Fest-eko zuzendari artistiko ohia eta gaur egun Cannesko Jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldiko zinema dokumentaleko aholkularia; Ainhoa Gonzalez Sanchiz, Europa Creativa MEDIA Desk Euskadi Bulegoko koordinatzailea; Mar Izquierdo, Zineuskadiko koordinatzailea; Lya Li, Asian Shadows nazioarteko banatzailearen zinemaldiekiko harremanen arduraduna; Noé Mendelle, Edinburgoko Unibertsitateko irakaslea eta Scottish Documentary Instituteko zuzendaria; Elena Mera, Treeline banatzailearen koordinatzaile nagusia; Ana Peleez, RTVEko dokumentalen produktore exekutiboa; Aintzane Pérez del Palomar, EITBko koprodukzioen arduraduna; Charlotte Serrand, La Roche-sur-Yon Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria; eta Joana Sousa, Doclisboako zuzendarikidea.

Pertsona berberak bildu dira ZINEBI Networking 2022 sarirako hautagai diren Estatuko gainerako lurraldeetatik iritsitako bederatzi proiektuak:

  • Alevosía (Sara Casasnovas), Indígena Films S. L. U ekoiztetxearena.
  • La Comunitat (Almudena Verdés), Silence Producción Audiovisual S. L. ekoiztetxearena.
  • Deuses de pedra (Iván Castiñeiras), Ángel Santos Touza ekoizlearena.
  • Elena dio a luz un hermoso niño (Chiara Marañón & Juan Soto), LaCima Producciones, S. L. ekoiztetxearena.
  • Um filme de Fernando Ruiz Vergara (Concha Barquero & Alejandro Alvarado), Azhar Media eta Alvarquero ekoizleena.
  • L’home més pacífic del món (Raquel Barrera Sutorra), Gris Medio ekoiztetxearena.
  • La Marsellesa de los borrachos (Pablo Gil Rituerto), Boogaloo Films, S. L. ekoiztetxearena.
  • PAPAMAMA (Lorena Ros), SANMOR Desarrollo Empresarial S. L. ekoiztetxearena.

Ostiralean, hilaren 18an, Arriaga Antzokian egingo duten itxiera galan ezagutaraziko dituzte bi sarien proiektu irabazleak.