Errenteriako Udaleko Kultura Aniztasunaren, Garapenerako Lankidetzaren eta Giza Eskubideen Sailak sustatuta eta Ozzinemak antolatuta, udalerrian zinemaren alde egiten den apustuaren bilakaera naturalez sortu dute Errenteriako Zinema Dokumentalaren eta Giza Eskubideen Zinemaldia. Azaroaren 21etik 26ra bitartean egingo dute lehen edizioa.

Errenteriako Zinema Dokumentalaren eta Giza Eskubideen Zinemaldiak bi helburu argi ditu: bizi dugun munduko bidegabekeriak salatzea eta istorio konprometituenak irudietan jartzera ausartzen diren zuzendarien sormenezko eta laneko tranpolina izatea. Bide horretan, bertatik igarotzeko aukera izango dute 16 urtetik gorako egile guztiek, baldin eta metraje labur edo ertaineko obra dokumental originalak aurkezten dituzten.

Izan ere, dokumentala zinema-generorik marjinalena, askeena eta atxikimendu ideologikorik gabea da, eta jende gehienak ez du horretara jotzeko aukerarik. Gainera, errealitatea den bezala islatzen du, makillajerik eta edulkoratzailerik gabe, publikoa zuzenean bideratuz; jarrera hartu, aldatu, kontzientzia izan dezan, errealitate eroso bati aurre egin diezaion edota ea gurean ematen diren bidegabekerien elementu eraldatzaile izatera behartuz.

Horregatik, Zinemaldiak, bere proiekzio eta jardueren bidez, gizarteko kolektibo guztientzat elementu eraikitzaile eta didaktikoa izan nahi du, iritzia eraikitzeko, balioak oinarritzeko, aurreiritziak ezabatzeko eta gizartea sentsibilizatzeko gunea izateko. Bueltan, ikusleek bizi duten errealitatearekiko konpromisoak hartzea espero dute antolatzaileek.

Jaialdiaren ezaugarriak

Bada, film laburrez, metraje ertainekoez eta luzez osaturiko zinemaldia izango da. Film laburren pasioa, formatu txikiko zinema handi horren lehiaketa egiteko; metraje ertainen begirada, edukia bezain iraupen librea duten istorioak erakusteko eta film luzeen proiekzioa, iraupenik konbentzionalenetik istorioak gozatzeko.

Halaber, Juanmi Gutiérrez eta Ion Arretxe herrikideen memoria hartuko du bere sarietarako, zinema sozialaren defendatzaile, konprometitu eta gerrillako langile izan zirelako. Istorioen kontalari eta bizitzaren kronista biak ala biak, pasio zinemazale baten argiak bizi izan zituzten eta  baita gizarte bidegabe baten itzalak ere.

Film laburren lehiaketarako lanak bidaltzeko epea itxita dago jada. Azaroaren 21etik 26ra bitartean egingo dute mostraren I. edizioa, Errenteriako Niessen aretoaren gerizpean. Ikusi programazio osoa, hemen.