Donostia Zinemaldiaren itzalean bada ere, zinemazaleok zazpigarren arteaz disfrutatzeko eta irudi-soinu konbinaketek eskaintzen dituzten proposamen ausartzez gozatzeko aukera izan ohi dugu, udazkenero, Bilbon. Jose Luis Rebordinosek gidatzen duen festibalak duen glamour, oihartzun eta mikrounibertso saturatuik aldenduz, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia zintzo ari da urtez urte hazten. Ez du behar alfonbra gorri, Hollywoodeko izar edota TikTok emisiorik, fokua beste nonbaiten jarrita baitu. Herritarrengan pentsatzea ondo dago, jaialdiak hurbileko egitea, erakargarri; baina Donostiako zirkuaren b aldea dakar Euskal Herriko bigarren ekitaldi nagusiena denak.

Nazioarteko film labur eta dokumental independente onenen erakusleiho izateak, lanen aukeraketak, horien kalitateak eta bestelako narratiba zinematografikoa proposatzeko duen gaitasunak handi bilakatzen du. Bilbo eta inguruko bizilagunek fidel betetzen dituzte saioak, hala ere, zaila izaten du kazetari eta kritikarien arreta bereganatzea: oso hurbileko izan ditu Valladolideko SEMINCI eta Sevillako Zinema Europarraren Jaialdia, eta aurten, gainera, Xixongo Zinemaldiaren data berberetan gauzatzen dabil. Hala ere, aztertzekoa litzateke espainiar zein euskal prentsak festibalarekiko dugun nagikeria.

Donostiako hitzordu nagusiak ez bezala, hiria eta industria guztiz mobilizatzeko gaitasunik oraindik ez dauka ZINEBIk, baina aldeko du bere eskaintza iradokitzaile bezain estimulatzailea. Eta horren adierazgarri dira 64. edizioko lehen egunetan ikusgai izan diren opera primen saileko lan hibridoak zein munduko dokumental onenen ataleko proposamenak: drogak, biolentziak, bortizkeriak eta pobreziak elkar ulertzen duten “mamuz betetako hilerria” ezagutu dugu, eta denon ahotan dauden Siriako eta Ukrainako gerrak barru-barrutik bizi ditugu. Errefuxiatu izateari buruzko gogoeta xamurra eta sexualitatea ulertzeko modu ezberdinak aztertu dira ere.

Anhell59-zinea

 

ANHELL69 (Theo Montoya) – Zinebi Fist Film

Zinemagintza kolonbiarra azken urteotan jorratzen ari den estetika errealistaren partaide izanik, Laura Moraren –Matar a Jesús (2017), Los reyes del mundo (2022)- drama poetikoen ezkutuko aurpegia aurkeztu du Montoyak. Hilkuntza batean sartuta, Medellingo kaleak gurutzatuko ditu zinemagileak, dronekin hartutako irudiek erakutsi eta bere ahotsak aitortu bezala, “ortzimugarik gabeko hiria”, norbait izatearen zeinu oro ezabatzeko gai dena.

Nazkatuta baino etsituta dagoen belaunaldiaren amets eta esperantza galduak aurpegiratuko dizkigu, eta B klaseko film bat errodatzeko aitzakiapean, hurbilekoen dituen lagunak gonbidatuko ditu bertan parte hartu aurretik egin beharreko casting-era. Horien bidez Medellingo queer eszena, eskuin muturraren gorakada, Pablo Escobarren herentzia, eta kale gorriko biolentzia eta pobrezia. Montoyak bere kamera du arma, errealitatearen kontra borrokatzeko adierazpidea.

MUTZENBACHER-zinea

 

MUTZENBACHER (Ruth Beckermann) – Beautiful Docs

Antzeko abiapuntua izan du Beckermann austriar dokumentalgile kontsakratuaren lan berrienak. Josefine Mutzenbacher or The Story of a Viennese Whore, as Told by Herself eleberri pornografikoaren egokitzapena egiteko asmoz, 16 urtetik gorako gizonezkoak galdegin eta pasarteak errezitarazi dizkie. Arrosa koloreko sofa batean eseri, eta irakurraldia aitzakia hartuz, deialdira aurkeztutakoen ahotan XXI. mendean oraindik ere sexuarekin lotutako estigmak presente izango ditugu.

Behin formula barneratuta, errepikakorra suerta daiteke Beckermannen planteamendua, nahiz eta zinez interesgarria izan aktore izateko nahia dela eta, jatorrizko eleberriak erakarrita edota zuzendaria ezagutzeko aukerak baliatuta casting-era agertutakoekin marraztutako erradiografia garaikidea.

the matchamer-zinea

 

THE MATCHMAKER (Benedetta Argentieri) Beautiful Docs

ISISeko ezkontzagina izenpean ezaguna den Tooba Gondal jihadista britainiarra elkarrizketatzea lortu du Argentieri italiarrak, Ar‑Raqqan, Sirian, eta beldurrik gabe botako dizkio egin beharreko galderak. Sare sozialetan 2014 eta 2017 bitartean idatzitako mezu probokatzaile eta pizgarriak baliatuz, Estatu Islamikoarentzat emakumeak errekrutatzea egozten diote mendebaldeko gobernuek, baina pantaila aurrean erakutsiko duen aurpegia bestelakoa izango da.

Damututa, egindakoaz lotsatuta, eta askotan, kontziente ere ez dela, gogoratu ere egiten ez dela, aitortuko du lehendabizikoz publikoki, eta ikus-entzuleon esku egongo da haren hitzak sinetsi edo ez. Ikerketa-kazetaritza izpiritua duen dokumentala guztiz aztoragarria da, Gondal erakusten duen hurbiltasunagatik, bederen.

Outside-zinea

 

OUTSIDE / HA30BHI (Olha Zhurba) – Zinebi First Film

Ukrainar zinemagintzari eskainitako ziklo eta enkontruaz gain, ZINEBIk estreinaldi berezia hartu du opera primen sailean. Errusiaren inbasioak begirada guztiak Europa ekialdera bideratu dituen honetan, badirudi herrialdeko zinemagintzak indarra hartu duela, eta sortzaileek zailtasunak zailtasun, kamera eskuan dutela zeresanik badutelako.

Fikzioaren eta dokumentalaren arteko muga muturreraino lausotuz, Zhurbak 2014ko Kieven erretratatuko du Roma, 13 urteko gazta. Hiriko borrokaldien lehen lerroan dabil bueltaka, Napolin girotutako Paisà (Roberto Rossellini, 1946) filmeko haur protagonista bezala, gerta daitekeenari so. Baina urteak aurrera doaz, eta Zhurbak bost urte beranduago Roma zertan den jakin nahiko du: 18 urte ditu orain, kale gorrian geratu da, eta polizia atzetik du. Bi garaiotan hartutako irudiak tartekatuz, protagonistaren itzala bilakatuko da kamera. Hasiera-hasieratik, zinemagileak argi utziko digu gaztearen nahia ametsa besterik ez dela, eta “infernutik alde egitea” ezinezko izango duela: eguzki-loreak zeru urdinaren pean irriabartsu daudela korrika egiten aurkeztuko digu Roma, soldadu hil batekin tupust egingo duen arte. Patuakopa zionetik ihesi zebilen, agian?

My-Small-Land_zinea

MY SMALL LAND (Emma Kawawada) – Zinebi First Film

Zerk definitzen du nongotarra izatea? Ezaugarri fisikoek? Jaioterriak? Nazio baten parte izan daiteke aldamenekoen antzik ez duen edonor? Japonian bizi den familia kurdu bat protagonista hartuz, ezberdina izateagatik diskriminatua izateko arriskuari buruz hausnartuko du Kawawadak. Etengabe azalpenak eman eta norbere burua justifikatu behar izatearen zama lepogainean eramango dute pertsonaiek, beren identitatea ere zalantzan jartzeraino.

My Small Land Koreedaren eskolakoa filma dela esan daiteke, gai sozialak jorratzeko duen sentsibilitatea eta zintzotasuna zein pertsonaia maitagarriak eraikitzeko trebetasunagatik batez ere. Narrazioaren erritmo geldo eta pausatuak, baina, ikus-entzulea istoriotik aterarazteko arriskua dauka.