Komunitate izaera nabarmenduz, zinema aretoetara itzultzeko garaia dela gogorarazi dute azaroaren 11n, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 64. edizioko irekiera-ekitaldian. La Dramática Errante taldeak gidatu du gala musikatua, eta aurreko urteetakoa baino traketsagoa izan bada ere, joan gaitezen benetan inporta duen horretara! Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari varsoviarrak, Europako Zinema Akademiako egungo presidentea denak, jaso du 2022ko ekitaldiko lehen Ohorezko Mikeldi saria, eta “zinema askea”-ren beharra eta erresistentzia aldarrikatuz jarri du zutik Arriaga Antzokia: “Zinemak bizirik iraungo badu, ezin du diruaren menpe egon”. Sobietar Batasunak ezarritako zentzura pairatu izan du Hollandek, lurraldeko lehen emakume zinemagilea izan da, etorkizuneko belaunaldientzat eredu, inspiratzaile, borrokalari, eta ameslari. Poloniarra saritu izana ez da kasualitatea, Vanesa Fernandez Guerra zuzendariak ZINEBIri ezarri dion ildoaren berrespena baizik.
Eta noski, euskal zinema ere presente izan ohi du festibal bilbotarrak. Bertoko Begiradak. Miradas Desde Euskadi atalean erakusten dituzten film labur zein luzeez gain, sail ofizialean ere dozena erdi bat ekoizpenek izaten dute ZINEBI Sari Nagusia eskuratzeko aukera. Horiek irekiera-ekitaldian proiektatzeko ohitura Euskal Herriko industriari gorazarre egiteko modu paregabea da. Baina argiak itzali eta adi-adi pantailara begiratu aurretik, gure zinemaren baitan sorkuntza independentearen defendatzaile sutsua izan den eta berriki hil den Iñigo Salaberria errenteriar zinemagilea aitortzea egokitu da. Josu Martinez bilbotarrak aurkeztu gipuzkoarra, eta haren senideek hartu dute golardo zuria.
Animaziozko lanik izan ez bada ere, identitate, ikusmira eta trataera ezberdineko iraupen laburreko zazpi proiektuk osatu dute 64. edizioko ordezkaritza euskal herritarra. Ohikoa izaten da KIMUAK katalogoko lanak barneratzea –Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara Garcia)-, baina aurten, aurrenekoz lurraldeko film laburren bilduma izateko asmoz sortutako Nafarroa ShortZinema programan aukeratua izan den Alas/Tierra (Maddi Barber) ere hartu du sail ofizialak. Gazte baten askatasun nahia ardatz duen drama klasiko bat aurkeztu digute EHUko ikasle diren Olasok eta Garcíak. 22 urteko Katixa da protagonista, etxeko egoera jasan ezinda, alde egin nahi du, amaren kontrolpetik urrundu, bere bizitza bizi. Istorioa bezain urduria da zinemagileen planteamendu formala: kamerak etengabe jarraituko du neska, itolarria agoniko bilakatuz. Aldiz, bere aurreko lan errekonozituei jarraiki –592 metroz goiti (2018), Urpean lurra (2019), Gorria (2020)-, joera antropologikoa eta narratiba libredun lana eratu du Barberrek. María Sanchez idazlearen Esta es la mano que cuida poeman oinarrituta, gizakiek animaliekin duten harremanari buruzko hausnarketa bisuala proposatu du.
Izpiritu aske eta esperimentalagoa dute ere Elías Qurejeta Zine Eskolaren baitan sortutako O banho (Maria Inês Gonçalves) eta Wild Flowers (Divlje Cvijeć, Karla Crnčević) saiakera-filmikoek. Errealizadoreak kroaziarra eta portugaldarra badira ere, eskolako ikasle izanik, euskalduntzat jo dira haien proiektuak, baina horien jatorriari erreparatzea baino aski esanguratsuagoa da bi ekoizpenon lotura aztertzea. Izan ere, irudien testura gordinak hartuko dute protagonismoa. 16 milimetroko kamerak ahalbidetutako kolore saturatu eta biziki indartsuekin, home-movie edo bideo familiarra eratu du portugaldarrak, betiere, ura elementu zentraltzat hartuz. Kroaziarrak, aldiz, O banho-n gertatuko ez den bezala, iradokizuna bistaratu egingo du. Iraganari, memoriari, eta denboraren joanari zuzenean helduko dio: 1992an bere aitak bideo-kamera bat lehen (eta azken) aldiz zergatik hartu zuen ezagutu nahiko du Crnčevićek, eta bien arteko elkarrizketa entzun bitartean, Balkanetako gerraren oihartzun isil eta oroitzapen lausoaren testigu izango gara. Ezbairik gabe, Arriaga Antzokian ikusgai egon den film-sortako lanik intimoena eta ederrena da Wild Flowers.
Geuretik Sortuak ekimenaren emaitza izanik, Bost teilatu film kolektiboaren parte den Josu Martinezen Hitzak-ek ere atzera begiratuko du. Bere aurreko fikziozko film laburretan gertatu bezala –Ama (2018), Anti (2019) eta Subandila (2020)-, Nafarroa Beherean kokatutako fikziozko Bizkarsoro herrixkan girotu du istorioa zinemagile bilbotarrak. Horiek 1915eko udan, 1921eko neguan, zein alemaniar nazien kontrolpeko 1940an testuinguratuta zeuden, eta orain, 1966ra egingo dugu bidaia, lurperatutako pospolo kaxetan euskarazko hitzak topatzen dituen Michelle neska gaztea ezagutzera. Belaunaldi ezberdinen arteko talka, tradizio eta modernitatearen sokatira, gure hizkuntza zaharra ezagutu eta hitz egiteak zekarren (dakarren) zama erakutsiko dizkigu. XX. mendeko Ipar Euskal Herrian euskarak jasan duen bazterkeria eta ahanzturaren erradiografia aparta ari da osatzen Martinez.
Azkenik, jaialdi bilbotarrean sarri izan ohi ditugun bi sortzaileren lanak ikusi ahal izan ditugu. Batetik, Txuspo Poyo artista plastikoak Gran Hotel Nazareno aurkeztu du. Iazko edizioan, Erroman errodatutako Love Needs Time to Kill dokumentalarekin lehiatu zen altsasuarra. Bertan, sistema pedagogiko exotiko berezi batez hitz egin zigun, natura, diaspora, identitatea eta animalia disekatuak elkartuz, eta aurten, proiektuari jarraipena eman dio: Nazareno ikastetxeko kabineteko pieza den balea baten hezurdura garraiatzen duen furgoneta batek Erroma zeharkatuko du, bere toki enblematikoetatik igaroz. Mugimendu zirkularra motibo estetiko hartuz, luxuzko hotelen eraikuntzek eta turismo masiboaren zurrunbiloak ondare historikoa nola husten eta despertsonalizatzen duen salatu du.
Bestalde, Paula Iglesiasek eta Marta Gomezek ere agerraldia egin dute festibalean. Solo son peces (Iglesias eta Ana Sernar, 2019) lanarekin sail ofizialean lehiatu eta Espainiako Zinemaren Sari Nagusia irabazi ostean, lorpena errepikatzeko asmoz itzuli dira Hondarrak-ekin –La sinsorga proiektuarekin ZINEBI Networking foroan ere ari dira parte hartzen aurten gainera-. Emakume saregileen itxaronaldia izango du Hondarrak-ek abiapuntu. Sortzaileen aurreko lanetan gertatu bezala, GKEekin lankidetzan aurrera ateratako ekoizpena da, senarrak, semeak, etxeko gizonak itsasora lanera joan eta haien zain daudenen ziurgabetasunari ahotsa eman nahi diena. Etxean bakartuta, baina ez bakarrik. Emakume talde eta kolektibo oso baten egoera bistaratu nahi du film laburrak, ekonomia feministaren aldarria, XXI. mende bete-betean.