Hebentik Elkarteak antolatuta, azaroaren 12an ekin zioten 2022ko egitarauari, eta azaroaren 29ra bitartean film labur dokumental zein esperimentalen emanaldiak eta solasaldiak proposatuko dituzte, Maulen, Barkoxen eta Muskildin.
Hebentik elkartea 2004 urtean sortu zen Zuberoan, euskaraz sortutako era askotako diziplina artistikoak zabaltzeko eta partekatzeko asmoz. Euskal Herriko “ibilaldi poetikoa” izan nahi duen Xiberoa Zinez zikloaren bultzatzaile da, “arte tradizional eta garaikidearen artean, hemengo eta kanpoko jendeen artean” harremanak sustatzea helburu duen egitasmoa.
2022ko edizioari dagokionez, hilaren 12an ekin zioten jarduerei, Jauzi bat eta prixt (2018) film labur esperimentalaren emanaldiarekin, Mauleko Ondarearen Etxean. Ondare, kultura, feminismo eta familian gaiak jorratzen dituen lana da, Maitane Eyheramonho zinemagileak sortutakoa. Igandean, aldiz, Etgar Keret eidazleak eta Inbal Pinto koreografoak sortutako Outside (2020) film laburra pantailaratu zuten, Muskildiko Xistera zaharrean. Aurretik, Tel Aviven, Times Squuaren (New York) eta Tokioko Shibuyan ere egon izan da ikusgai biodeo-sorkuntza.
Jarraian duzue datozen egunotako zinema egitaraua:
- Azaroaren 17an, Maule Baitia zinegelan, 20:30ean: Les indes galantes (Philippe BVeziat, 2020) dokumentala. Sarrerak 6,50 euro balio ditu.
- Azaroaren 19an, Mauleko Ondarearen Etxean, etenik gabe 10:00etatik 12:30era: Le tour de bretagne en fisel (Simon Cojean, 2017) film laburra. Sarrera doan.
- Azaroaren 26an, Mauleko Ondarearen Etxean, etenik gabe 10:00etatik 12:30era: Shenspapers (Eva Cassagnet eta Philippe Espinasse, 2016) film laburra.
Informazio osagarria, jarraian.