Gaur, 19:30ean pantailaratuko dituzte euskal parte hartzea duten sail ofizialeko film laburrak, Bilboko Arriaga Antzokian. Aurretik, 2022ko Ohorezko Mikeldi sariak jasoko dituzte Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari varsoviarrak eta Iñigo Salaberria errenteriar zinemagilearen senideek.

ZINEBI IREKIERA-EKITALDIA-zinea

Atzo, Zinebi Express film laburren lehiaketako lanak pantailaratu eta irabazleen berri eman ostean (Oleo beltza lanak irabazi du lehen saria; La visita-k, bigarrena; Bilbao S.L.-k, hirugarrena; Barbazul-ek, laugarrena), gaur, zinemaren festak eztanda egingo du Bilbon. 19:30ean abiatuko dute ofizialki ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 64. edizioa, eta ohi bezala, Arriaga Antzokia izango du agertoki. Aurrenekoz, Maria Goirizelaiak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzenduko dute irekiera-ekitaldia, eta Merina Gris taldearen elektro-popak girotuko du gala, distiraz, aniztasunez, eta konpromisoz. “Aretoetara itzultzea, komunitatean hunkitzea eta arte honen sorreraren zergatia gogoraraztea”, izango dute La Dramática Erranteko sortzaileek aldarrikapen, “oraina berrikusi etorkizunean nolako sortzaileak, zinemagileak eta ikusleak izango garen eraikitzeko”.

2022ko Ohorezko Mikeldi sarietako bi banatuz ekingo diote ekitaldiari. Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari varsoviarra omenduko dute, eta bertatik bertara hartuko du oroigarria Europako Zinema Akademiako egungo presidentea denak. Bestalde, berriki hil den Iñigo Salaberria errenteriar zinemagilea ere izango dute gogoan. Urriaren 27an, Bilboko Arte Ederren Museoko auditoriumean, sortzailearen hainbat film labur eskaini zituzten topaketa berezi baten baitan, eta gaur, haren senideek hartuko dute Zinebik eskainitako Ohorezko Mikeldia. Hirugarrena, itxiera-galan banatuko dute, eta Albert Serra errealizadore espainiarrak jasoko du.

Ostean, euskal parte hartzea duten eta film laburren sail ofizialean lehiatuko diren lanak pantailaratuko dituzte:

  • Alas/Tierra (Maddi Barber)
  • The Bath (O banho, Maria Inês Gonçalves)
  • Gran Hotel Nazareno (Txuspo Poyo)
  • Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara García)
  • Hitzak (Josu Martinez)
  • Hondarrak (Marta Gómez eta Paula Iglesias)
  • Wild Flowers (Divlje Cvijeć eta Karla Crnčević)

Denek ere, Bilboko Zinemaldiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldi sariak (5.000 euro bakoitza) eta Publikoaren Saria-EITB (3.000 euro) irabazteko aukera izango dute.

Film laburren sail ofizialean 36 herrialdetako 57 filmek parte hartuko dute, eta Anca Caramelea Errumaniako programatzaileak (Cine Ecozine Jaialdia); Hilke Doering Oberhausengo Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren arduradunak; Juan Soto zuzendari, ekintzaile eta artxibista kolonbiarrak; Sabina Urraca idazleak; eta Begoña Vicario animazio-zinemako zuzendari eta espezialistak izango dute horiek ikusi eta baloratzeko eskumena.

Egitarau oparoa

Guztira, 47 herrialdetatik ekarritako 148 film erakutsiko dituzte azaroaren 18ra bitartean. Besteak bestek, bihar ekingo diote  ZIFF – Zinebi First Film lehiaketari, Berlin, Venezia, Cannes eta Karlovy Vary zinema jaialdietan aurkeztu diren 9 opera primek osatuko atalari; baita ere Beautiful Docs – Munduko dokumentalen panorama sailari ere. Bertan, azken hamabi hilabeteetan mundu osoan estreinatutako bederatzi dokumental esanguratsu proposatuko dituzte, tartean, Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto proiektua.

Euskal zinemagintzari eskainitako Bertoko Begiradak. Miradas Desde Euskadi atalean, 4 film luze eta 16 film labur aurkeztuko dira. Xixongo Nazioarteko Zinemaldiarekin lankidetzan, bost lan aldi berean estreinatuko dituzte, eta horietako bat Iratxe Fresneda zinemagile bizkaitarraren Tetuan izango da, bere ‘Erregistroaren Trilogia’ itxiko duena. Bestalde, Bigarren ekitaldia (Ainhoa Urgoitia eta Enrique Reu), Alegrías riojanas (Velasco Broca) eta Izaro limoiari eztia (Izaro Andres eta Ander Merino) lanak ere pantailaratuko dituzte Bertoko Begiradak sailean.

Horiez gain, ukrainar zinemagintzari eskainitako  ‘Once I Was a Filmmaker. Now I Am a Soldier’ zikloa, Qatarreko Munduko Futbol Koparen harira, futbolari buruzko bi dokumental, Compagnie Éric Rohmer konpainiari lotutako gidoilari eta zuzendariekin garatutako film laburren emanaldi sorta, pertsona gorrei zuzendutako saio berezi bat eta industria arloko bi ekimen: Zinebi Meetings topaketak eta Zinebi Networking foroa.