Lemohang Jeremiah Moseseren Mother, I Am Suffocating. This Is My Last Film About You (2019), Jia Zhangke Ren xiao yao (2002) eta Isaki Lacuestaren Un año, una noche (2022) pantailaratuko dituzte, ostegunetan, Tabakalerako zinema aretoan.
Vive le cinéma! erakusketa Amsterdameko Eye Filmmuseum eta Tabakaleraren arteko ekoizpen bat da, Donostia Zinemaldiaren lankidetzan. Erakunde hauen programetan funtsezkoak dira zinema eta ikus-entzunezkoak eta, horiek hedatzeaz gain, euren sorkuntza ere sustatzen dute. Hori dela eta, bertan aurkeztu diren lau obrak ekoizpen berriak dira, dagoeneko ikusgai daudenak. 2022ko uztailaren 9an ireki dute, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko lehen solairuko erakusketa areto nagusian, eta 2023ko urtarrilaren 8ra bitartean bertaratu daiteke.
Lemohang Jeremiah Mosese, Dea Kulumbegashvili, Jia Zhang-Ke eta Isaki Lacuesta arduratu dira obrak gauzatzeaz, eta zinemagile bakoitzak argia eta soinua hartu eta zenbait gai landu ditu: bizitza eta heriotza, politika eta egunerokoa, gorputzaren presentzia eta absentzia. Dispositibo zinematografikoa bera berrasmatu egin dute, praktika artistikoentzako propioagoa den teknologia erabiliz, film-esperientzia sustatze aldera.
Bada, lanketa horien konbinaziotik sortu dute Vive le cinéma! erakusketa, eta urriaz geroztik, jarduera osagarri gisara, izen bereko zinema zikloa ere ari dira gauzatzen Tabakaleran. Lehen saioen ostean, gaur bertan berrartuko dituzte emanaldiak, eta ostegunero, azaroaren 24ra bitartean, erakusketako protagonista diren hiru zinemagileren filmak pantailaratuko dituzte kultur zentroko zinema aretoan.
- Azaroaren 10ean, 19:00etan: Mother, I Am Suffocating. This Is My Last Film About You (Lemohang Jeremiah Mosese, 2019)
- Azaroaren 17an, 19:00etan: Ren xiao yao (Jia Zhangke, 2002)
- Azaroaren 24an, 17:00etan: Un año, una noche (Isaki Lacuesta, 2022). Ostean, 19:00etan, zinemagileak berak hartuko du hitza, Kontatutako zinea hitzaldi-sortaren baitan.