24 proiektutako arduradunek izango dute, urtarrilaren 23tik 26ra bitartean, beren dokumentaletarako bazkide berriak lortzeko aukera.

FIPADOC2023-zinea

Ikus-entzunezko edukiei lotuta Miarritzen egiten zuten FIPA jaialdiak norabide berri bat hartu zuen 2018an, eta dokumentalen generora mugatu zuen bere lan eremua FIPADOC izendapena eskuratuta. Azken bi urteotan, COVID19aren pandemiak eraginda data eta formatu aldaketak jasan ditu; izan ere, iaz, ekimena ekainera atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek, nahiz eta industriako profesionalei zuzendutako saioak egiterik izan zuten. Aurten, aldiz, ohiko datetan ospatu zuten, eta aurrez aurreko jarduerak osatu ahal izan bazituzten ere, zuhurtziaz gauzatu zen, segurtasun-protokoloak betez.

Bosgarren edizioa izango du hitzorduak, eta berrikuntza gisa, aurreko urteetan baino egun bat gehiago iraungo du.  2023ko urtarrilaren 20tik 28ra bitartean egingo dute, eta ohiko filmen lehiaketaz gain, industria sektoreko profesionalentzat nazioarteko pitching saioak prestatu dituzte.

24 proiektutako arduradunek izango dute, urtarrilaren 23tik 26ra bitartean, beren dokumentaletarako bazkide berriak lortzeko aukera, finantziazio arloan betiere. Horretarako, gaur dute interesatuek azken eguna izena eman eta eskaerak bidaltzeko.

FIPADOC jaialdiak gonbidatutako nazioarteko zein frantziar zinema industriako profesionalen aurrean aurkeztu beharko dituzte aukeratutako proiektuen arduradunek beren dokumentalak. Eta ostean, one-to-one bilerei ekingo diete.

Ondoko sariak banatuko dituzte:

  • Nazioarteko Pitch Onena: 5.000 euro, postprodukzio zerbitzuetarako.
  • Frantziako Pitch Onena: 5.000 euro, postprodukzio zerbitzuetarako.
  • LightDox saria: 2.000 euro, nazioartean bidea egiteko aukera ugari dituen proiektua laguntzeko.
  • DocsBarcelona saria: 2023an DocksBarcelona jaialdiko Pitching Forum saioetan parte hartzeko hautaketa.
  • DOKfest saria: 2023ko DOK.fest München Pitching Forum saioetan parte hartzeko hautaketa.
  • Lau Haizetara saria: 2023ko Donostia Zinemaldiko Lau haizetara foroan parte hartzeko hautaketa.

Oinarriak eta baldintzak, jarraian.