Imanolen jaiotzaren 75. urteurrena dela eta, hura oroitzeko ekintzak egingo dituzte egunotan. Besteak beste, Imanol: Azken kontzertua izeneko dokumentalaren aurrestreinaldia.

Azaroaren 10ean hirurogeita hamabost urte beteko dira Imanol Larzabal abeslaria jaio zela. Hain zuzen, urteurren borobilaren karietara, ospakizunez beteriko egunak izango dira datozenak: kantariaren omenezko kontzertua, kantujira, bazkari herrikoia, disko-liburu berezi baten aurkezpena eta, noski, arestian aipatutako Imanol: Azken kontzertua izeneko ikus-entzunezkoaren estreinaldia.

Hemeretzi lagunen lekukotzak bildu dituzte dokumentalean, bederatzi musikarik ondutako bertsioez lagunduta. 70 minutuko iraupena du lanak eta haren kultur ekarpenean ipiniko du fokua. Arrakastaren eztia dastatu eta beti maite izan zuen herrialdetik erbestera joan beharra pairatu zuen artista nomadaren bizitzari errepasoa egiten zaio. Inoiz itzaliko ez den ahotsaren azken kontzertua.

Iñigo Kintana eta Javier Gutierrez aritu dira edizio eta muntaketa lanetan eta, Imanol beraren bizitza izandakoa bezala, pieza bidaia bat bezala osatu dutela azaldu dute. On Time ekoiztetxearen babesa izan dute atzetik.

Ostiralean, azaroaren 11n, egingo dute emanaldia; 19:00etatik aurrera, Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan. Doako saioa izango da, baina gonbidapen bidezko sarbidea izango du. Horiek eskuragai daude jada Viktoria Eugenia antzokian, Antzoki Zaharrean eta Lugaritz Kultur Etxean, baita Donostia Kulturaren webgunean ere.