Urrian Alemanian hainbat saio eskaini ostean, Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait herritan erakutsiko dute, datozen asteotan, Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako dokumentala. Gaur bertan, Ataunen egongo da ikusgai.
Iragan maiatzaren 22an aurkeztu zuten Irungo Amaia Kultur Zentroan, Sorzabal sendiaren jatorrizko herrian (irakurri kronika, hemen). Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen parte hartzea du lanak, eta Jon Mikel Fernández Elorz eta Imanol ‘Kima’ Arzuaga izan ditu sustatzaile nagusiak. Estreinaldiaz geroztik, Hego Euskal Herriko hainbat herritan egon da ikusgai, eta 70. Donostia Zinemaldiko ZINEMIRA sailean ere erakutsi dute (irakurri kritika, hemen).
Bada, Europaren bihotzera bidaia egin du dokumentalak urrian, izan ere, Alemaniako dozena erdi bat herritan egon da ikusgai, ‘Repression, Missbrauch und (sexualisierte) Folter in spanischen Gefängnissen’ izenpeko zikloaren baitan.
Azaroan, aldiz, Hego Euskal Herrira egingo du itzulera, eta gaurdanik, hainbat hitzordu izango ditu; tartean da Abadiñon ospatuko duten Elkartasuna Asteburua ekimena. Hilaren 24an, 19:30ean, Txanporta Kultur Etxean izango dira Bi arnas dokumentaleko sustatzaileak filma aurkezten.
Jarraian azaroko emanaldiak:
- Azaroaren 9an, 19:00etan: Ataun (Herri Antzokia)
- Azaroaren 16an, Idiazabalen (tokia eta ordua zehaztu gabe)
- Azaroaren 24an, 19:30ean: Abadiño (Txanporta Kultur Etxea)
- Azaroaren 28an, Pasaia San Pedron (tokia eta ordua zehaztu gabe)
Mari Nieves Diaz amaren eta Iratxe Sorzabal alaba torturatuaren testigantzak jasotzen dituen sorkuntza lana da Bi arnas. Torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikusaraztea du helburu filmak, eta Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita bere amaren sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta. Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bildu dituzte sortzaileek proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Pako Etxeberria auzi mediku eta tortura kasuen ikertzailea; eta Serge Portelli, Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.