Azaroaren 11tik hilaren 18ra bitartean ospatuko dute 2022ko ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia. Filmen proiekzioaz gainera, industriarekin, profesionalekin eta gatazka garaikideekin lotura izango duten hainbat topaketa hartuko ditu egitarauak.
Film labur eta dokumentalei eskainitako A motako nazioarteko zinemaldi bakarra da ZINEBI Espainiar estatuan. 1974az geroztik, sektoreko profesionalentzako elkargune bilakatu da, eta urteak aurrera, Bilbo hiria zinema jaialdi entzutetsuen mapan kokatzea lortu du. Bi urtez formatu hibridoan ospatu ostean, guztiz presentziala izango da 2022ko edizioa.
Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburu eta bozeramaileak, eta Vanesa Fernández Guerra, ZINEBIko zuzendariak prentsaurreko bidez azaldu zituzten 64. edizioko ezaugarriak. 47 herrialdetatik ekarritako 147 filmek osatuko dute egitaraua, eta horietatik erdia baino gehiago emakumeek zuzendutakoak dira eta, halaber, Bilbon izango dute gehienek Espainiar Estatuko estreinaldia.
Jaialdiari azaroaren 11n, ostiralean, emango diote hasiera Arriaga Antzokian, eta hiru profesionalen lana omentzeko parada izango da: Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari barsobiarra, Albert Serra zinemagile espainiarra eta hil berri den Iñigo Salaberria dokumentalgle errenteriarra.
Emanaldiez harago doan egitaraua aurkeztu dute 64. edizioa izango den honetarako. Bada, proiekzioaz atalez atal aletu ostean, ZINEBI MEETINGS deituriko topaketen txanda da oraingoan:
– FOCUS UKRAINA: Behin zinemagilea izan nintzen, orain soldadua naiz
Ukrainari eskainitako programa berezia, Ukrainian Institute (Ukrainako Kanpo Arazoetako Ministerioaren mendeko erakunde publikoa) eta urtero Kieven martxoan egin ohi zen Docudays UA Giza Eskubideei buruzko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiarekin elkarlanean. Topaketa honetan, zinemagileek eta ZINEBIrekin elkarlanean diharduten erakundeetako ordezkariek ukrainarrek bizi duten egoera kritikoari buruz hitz egingo dute eta, bereziki, artearen eta kulturaren arloko profesionalen egoerari buruz.
– ZINEBI Meets Peloponnisos International Doc Film Festival
Europako jaialdien arteko lankidetzaren bitartez dokumentalen ekoizpena indartzen laguntzeko, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak eta Peloponesoko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak —zeina Kalamatako Sorkuntza Zentro Dokumentalak antolatzen duen— antolaturiko mahai-ingurua: Askatasuna aldarrikatzeko. Claiming Freedom (Askatasuna aldarrikatuz, 2022) izeneko dokumentala elkarlanean zuzendu zuten zinemagile greziar eta euskaldunak filma sortzeko prozesuari buruz arituko dira.
– AGNIESZKA HOLLAND – Ohorezko Mikeldia
Europako Zinema Akademiako egungo presidentea den Agnieszka Hollandek topaketa bat egingo du ZINEBIko ikusleekin, Jaialdiaren inaugurazio egunean, Ohorezko Mikeldi saria jaso ondoren. Ángeles González‑Sinde gidoilari eta zuzendariak —Akademiako presidente eta Kultura ministro izandakoak—, Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan elkarrizketatuko du bertaratzen direnen aurrean. Bertan, Hollandek bere ibilbidean funtsezkotzat jotzen duen filmetako bat proiektatuko da: A Lonely Woman (Kobieta samotna, 1981), Polonian larrialdi‑egoera ezarri baino pixka bat lehenago filmatu zuena.
– Emakumeak zinemaren jaialdietan… Non gaude?
Gauza jakina da, gaur egun, emakumeak Espainiar Estatuko zinema jaialdietako lan-taldeetako zati funtsezkoa direla. Sektore honetan lan egiten duten emakume guztiek badakite ekoizpeneko, komunikazioko, kopien kudeaketako, gonbidatuen arretarako, protokoloko eta zinemaldietako beste arlo batzuetako talde gehienak emakumeek osatzen dituztela. Baina zer gertatzen da jaialdi horietako zuzendaritza-postuei eta programazio-taldeei erreparatuz gero?
Jean-Luc Godard Nouvelle Vaguearen maisu handia izan zen, Zinemaren Historian eragin handienetakoa izan duen mugimendu zinematografikoko kidea. 2022ko irailaren 13an zendu zen. Nicole Brenez unibertsitateko irakasle eta idazleak Godardek utzitako legatuaren garrantzia aztertuko du klase magistral honetan. Saioa zabalik egongo da zinemagile frantziar-suitzarraren lan atzemanezina aztertu nahi duen ororentzat.
– Futbola, zinema eta Munduko Txapelketa
Sortu zenetik Jaialdiak izan duen funtsezko zereginetako bati erantzunez, hau da, Bilboko hirian zinema zabaltzen laguntzen duten kultur eragileekin lankidetzan aritzeari dagokionez, ZINEBIk, 64. edizioan, elkarlanean dihardu Athletic Club Fundazioak antolatutako Thinking Football Zinema eta Futbol Jaialdiarekin. Elkarlan horri esker, ZINEBIk futbola gai nagusitzat duten bi film dokumental luze emango ditu: bata klasikoa eta bestea garaikidea. Biak ikusleei aurkezteko, Galder Reguera idazle eta Athletic Club Fundazioaren proiektu arduraduna, eta Carlos Marañón Cinemanía aldizkariko zuzendaria izango ditugu.
– ALBERT SERRA – Ohorezko Mikeldia
Albert Serrak, ZINEBIren edizio honetako hirugarren Ohorezko Mikeldiak, topaketa bat egingo du Bilboko ikusleen aurrean Cecilia Barrionuevorekin. Cecilia Barrionuevo Mar del Platako Nazioarteko Zinema Jaialdiko (Argentina) zuzendari ohia eta Harvardeko Unibertsitateko Film Study Centerreko (AEB) aholku batzordeko kidea da. Bilboko ikusleekin egingo duen topaketarako, Serrak bere lanik ezezagunenetako bat proiektatzea proposatu du: Cubalibre (2013), Kasseleko dOCUMENTA (13)n zehar sortu zuena. Bertan, MOLFORTS bandak soinu-banda konposatu zuen, Rainer Werner Fassbinderri eta haren aktore kutunenetako bati omenaldia egiteko: Günter Kaufmanni, hain zuzen, zeinarekin elkarlanean aritu baitzen, besteak beste, Götter der Pest (1970), Whity (1971) edo Querelle (1982) filmetan.