Errenteriako Ozzinema Zineklubak abendura bitartean prestatutako emanaldi sortaren bigarren saioa hartuko du gaur Niessen Kulturuneko zinema aretoak. Filma jatorrizko bertsioan emango dute, gaztelaniazko azpitituluekin.
Musikal garaikideen B aurpegia azaleratzeko asmoz, generoari gorazarre egiten ari zaio Errenteriako Ozzinema Zinekluba. Urrian abiatu zuten Ozzinema musikala zikloa, eta abendura bitartean, hilabetero film bana ari dira eskaintzen. Gaur, hilak 8, Dancer in the Dark (2000) lanak emango dio jarraipena ekimenari.
Lars von Trier zinemagile danimarkarraren drama musikalak Björk abeslari eta aktorea du protagonista. Egun argiz amets egiten duen fabrika bateko langilea da, apurka-apurka itsu geratzen ari dena.
Dogma 95 estetikaren baitan ekoiztua, Breaking the Waves (1996) eta The Idiots (1998) filmekin osatutako trilogiaren azken partea da. Björkek berak sortu zuen filmerako soinu banda.
2000. urteko Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zen filma, eta Urrezko Palma eta Björkek emakumezko aktore onenaren saria irabazi zituen.
19:30ean hasiko dute emanaldia, eta sarrerak kulturuneko leihatilan, Lekuona Fabrikan eta Interneten eros daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.