2022ko azaroaren 18tik abenduaren 4ra bitartean egingo dute ekimena, Iruñean, Donostian eta Bilbon. Hiru sailetan banatuta, nazioarteko dozena bat film egongo dira ikusgai; hainbat klase magistral, performance eta saio berezi aurreikusi dituzte ere.

Zinetika VII-zinea

Kultura-trukea aberastuz, nazioartean hainbat diziplinatako erakundeen eta artisten arteko loturak ezartzeko aukera ematen du, urtero, ZINETIKA jaialdiak. El Trastero Creativo elkarteak antolatuta, zazpigarrenez hartuko ditu ekimenak Hego Euskal Herriko hainbat hiri.

Gorputza, dantza, teknologia eta ikus-entzunezkoak uztartuz, azaroaren 18tik abenduaren 4ra bitartean gauzatuko da 2022ko edizioa, baina iaz ez bezala, bakoitza asteburu batez izango da egoitza. Hala, azaroaren 18tik 20ra, Iruñeko Kondestable Jauregian egingo dituzte emanaldiak; azaroaren 26tik 28ra, Donostiako Euskadiko Arkitektura Institutuan; eta abenduaren 3tan eta 4an, TopARTE programaren barnean eta museoaren 25. urteurrena aitzakia, Bilboko Guggenheim Museoan.

Guztira, nazioartetik bidalitako 1.180 film aurkeztu dira izen-emate deialdira, baina zazpigarren ediziorako, ZINETIKA zinemaldiak 13 filmeko egitaraua aurkeztu du, Aukeraketa Ofiziala, Open Screen eta Zinetiks ataletan banatuko dituena. Tartean, badira zenbait euskal ekoizpen: Luna negra (Miguel Goñi eta Mikel Belaskoain) Ghu (Imanol G.A.) eta Uholdeak (Olatz Larunbe). Ikusgai izango diren lanek hainbat alderdiri helduko dizkietela nabarmendu dute antolatzaileek: denboraren joana, giza harremanak, migrazioa, zentzumenak, esperimentazioa, gizarte-konbentzioak, askatasuna, identitatea edota oroimena.

Hiru sailetan lehiatuko diren lanak baloratzeaz Maitena Muruzabal ekoizlea, Mikel Belaskoain artista plastikokoa eta Marina Lameiro zinemagilea arduratuko dira, eta Zinetika 2022 Film Onenaren Saria zein Zinetika 2022 Zuzendari Onenaren Saria ebazteaz. Lameirok, gainera, LA CÁMARA COMO EXTENSIÓN DEL CUERPO hitzaldia emango du.

Horrez gain, hainbat klase magistral, performance eta saio berezi aurreikusi dituzte. Ezagutu egitaraua, hemen.