Euskal Herrian eman diren totura kasuei buruzko Karpeta Urdinak dokumentala Iruñean ikusteko aukera izango da bihar, azaroaren 8an. Golem Baiona aretoak hartuko du emanaldia eta, ostean, zuzendariaren parte-hartzea izango duen solasaldia izango da.
Anderrek, beste askok bezala, aitak komisarian jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere ustea argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana-ren barruan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 ezagutuko du.
Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin ikaratuta, proiektuan parte hartu zuten mediku, psiokologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko diote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuak, ipar globaleko torturaren errealitatea ezagutaraziz. (Irakurri hemen ZINEAko Ines Arrue kideak filmaz idatzitakoak).
Donostia Zinemaldiaren 70. Edizioko ZINEMIRA atalek bere gain hartutako filmetako bat izan zen Ander Iriarte oiartzuarraren dokumentala. Bizkor saldu ziren emanaldi guztietarako sarrerak, eta filmaz gozatzeko gogoz gelditu ziren herritar asko. Orain gutxi, urriaren 25ean, Gasteizen ospatutako Euskal Zinema Dokumentalaren 8. Astean programatu zuten filma, areto-bete orduan ere, eta Iruñean ikusteko aukera izango da oraingoan.
Bihar, azaroaren 8a, asteartearekin egingo dute hitzordua, 19:30etik aurrera. Ostean, solasaldirako tartea izango da, Ander Iriarte zuzendaria beraren parte-hartzearekin.
Nazioartean ere bai
Ander Iriarteren dokumentala EHtik kanpo estreinatuko da ere, Amsterdamgo IDFAn, munduko dokumental festibal garrantzitsuenetarikoan. Azaroaren 9tik 20ra ospatuko da hitzordua, eta Euskal Herritarrei egin zaizkien tortura praktikak munduan ezagutarazteko parada izango dute bertan filmaren arduradunek.
Bada, zorterik onena lan-talde osoari!