Espainiar estatuko zinemagintza sustatzea helburu duten Forqué Sarien 28. edizioa abenduaren 17an egingo dute. Hamar kategorietan aitortzak jasotzeko aukerak dituzten film eta aktoreen berri eman dute: Cinco lobitos euskal ekoizpena da hautagaitza gehien dituen proiektua, lau guztira.

forque 28-zinea

EGEDA Ikus-entzunezko Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundeak 1996az geroztik ematen ditu Jose María Forqué sariak, balore tekniko eta artistiko esanguratsuenak dituzten filmak saritzeko eta Espainiako ikus-entzunezkoak ezagutarazteko helburua duten garaikurrak. Abenduaren 17an egingo dute Forqué Sarien 28. edizioa, eta 2021eko abenduaren 13an hil zen Veronica Forqué izango dute gogoan. Dagoeneko, erakundeak eman du jakitera 10 kategorietako hautagaien zerrenda.

Hezkuntza eta Baloreak Zineman saria irabazteko lehian euskal parte hartzea duten bi ekoizpen ageri dira: Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako Cinco lobitos  eta Telmo Irureta zumaiarra protagonista duen La consagración de la primavera (Fernando Franco), Kowalski Films ekoiztetxe donostiarrak produzitu duena. Zinemagile bizkaitarraren lana, gainera, fikziozko eta animaziozko film luze onenaren kategorian sartu dute; eta Laia Costa zein Susi Sánchez antzezleek emakumezko aktore onenak izendatuak izateko aukerak dituzte.

Film laburren kategorian, Estibaliz Urresolaren Cuerdas eta David Perez Sañudoren Au pair dira hiru hautagaietako bi. Cannesko 61. Semaine de la Critique saileko Urrezko Erraila (Le Rails d’or) irabaziz hasi zuen Urresolaren lanak zinema jaialdietako ibilbidea, eta 70. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi – Tabakalera sailean ere parte hartu zuen gero. Bada, hainbat herrialde eta jaialditatik igaro da azken asteetan, saridun ere suertatuz. Espainiako Zinemaren Akademiak otsailaren 11n ospatuko duen Goya sarien 37. ediziorako aurre aukeraketan sartu dute lana.

Sañudoren lana, bestalde, Amania Films ekoiztu du, eta sariak pilatu ditu Medina del Campoko Zinemaren Astean, Grossmann Fantastic Film and Wine Festival-en, Toko Film Festival-en eta Incontrastable Zinema Jaialdian, besteak beste.

Pantaila txikian ere presente

Netflix plataformak ekainaren 10ean estreinatu zuen zortzi ataleko Intimidad telesaila, Txintxua Films ekoiztetxeak streaming plataforma batentzat egin duen lehena. Yune Nogueiras, Patricia Lopez Arnaiz eta Itziar Ituño ditu protagonista, eta hain zuzen ere, azken hau hautagaien zerrendan sartu dute, emakumezko aktore onenaren kategorian. Ituñok Ana Castillo (Fácil), Mónica López (Rapa) eta Natalia de Molina (Fácil) izango ditu lehiakide.