Galdutako 2.500 jarraitzaileak berreskuratzea du erronka euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak, eta horretarako, laguntza eskatu dute: “Jarrai gaitzazu! RT masiboa!”.
“Twitterrek gure @PantailakEus kontua itxi du, eta hau berrezartzea eskatzen dugu”. Hitzok erabiliz abiatu zuen Pantailak Euskaraz egitasmoak Twitter sare sozialeko profila berreskuratzeko sinadura kanpaina, Avaaz plataformaren bidez, iragan urrian. Ia 500 lagunen atxikimendua lortu zuten 24 ordutan.
Egun batzuk lehenago zibererasoak sufritu zituztela salatu ostean, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko taldeak adierazpen askatasuna eta hizkuntza eskubideak errespetatzea eskatu zion komunikazio laburren enpresa erraldoiari. Bada, sarean zein saretik kanpo hainbat eragileren babesa jaso badute ere, Twitter enpresak ez du erabakiaren inguruko azalpenik eman oraindik, eta profil berria sortzea erabaki dute:
“ADI EUSKAL HERRIA! Zentsura guztien gainetik, Pantailak Euskarazen Twitter kontu berria dugu: @PantailakEusk. Indarrez beteta, ilusioz gainezka eta irabaztera gatoz! Baina zure laguntza beharko dugu #PantailakEuskaraz lortzeko!”. Galdutako 2.500 jarraitzaileak berreskuratzea dute orain erronka, eta horretarako, laguntza eskatu dute: “Jarrai gaitzazu! RT masiboa!”.
Pantailak Euskaraz
Euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia eskasarekin arduratuta dauden hainbat herri ekimenen elkarketatik sortu zuten Pantailak Euskaraz mugimendua iragan udaberrian, eta sei dira honen atzean dauden proiektuak: Streaming plataformetan euskara sustatzeko helburuz sortutako Netflix euskaraz eta Disney+ euskaraz herri ekimenak, 25 urtez aretoetan euskarazko filmak eskaintzen aritu den Tinko Euskara Elkartea, bikoiztaileen murrizketei aurre egiteko orain hiru urte sortutako BIEUSE elkartea, zinemetan euskarazko edukiak bultzatzeko Zinemak Euskaraz kanpaina eta bideo-jokoen munduan euskara indartzea helburu duen Game Erauntsia mugimendua.
Sustatzaile nagusiak sei badira ere, euskal kulturgintzaren babes osoa du ekimenak. Horrela erakusten du beren jarduna abiatzearekin batera zabaldutako aldarrikapen nagusien manifestuari atxikimendua eman zioten eragileen zerrendak: AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, APIKA ikus-entzunezko produktoreen elkartea, BERTSOZALE ELKARTEA, BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, BILBOKO KAFE ANTZOKIA, DISNEY + EUSKARAZ ekimena, EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkartea, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, ENE KANTAK taldea, EUSKAL ENCODINGS ekimena, EHE Euskal Herrian Euskaraz, EUSKAL KONFEDERAZIOA, EPE/APV Euskal Produktoreen Elkartea, GAME ERAUNTSIA elkartea, HEKIMEN euskal hedabideen elkartea, IBAIA ikus-entzunezkoen euskal ekoizle burujabeen elkartea, IKASTOLEN ELKARTEA, IZARKOM Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa, KANTU KOLORE taldea, KATXIPORRETA elkartea, Euskalgintzaren KONTSEILUA, KRISTAU ESKOLA, LANARTEA euskararen langile profesionalen elkartea, NAPAR ikus-entzunezkoen ekoizpen naparra, NETFLIX EUSKARAZ ekimena, SORTZEN eskola publiko berriaren aldeko elkartea, TINKO EUSKARA elkartea, Euskaltzaleen TOPAGUNEA, 3000TWITZ ekimena, UEMA Udalerri euskaldunen mankomunitatea, UEU Udako Euskal Unibertsitatea, ZINEA.EUS ataria, ZINEMAK EUSKARAZ ekimena eta ZUKUGAILUA elkartea.