Euskal mitologia ardatz duen lana izan da ikus-entzuleek gogokoen izan dutena. Festibalari amaiera emateko, gaur bertan, berriz pantailaratuko dute, Victoria Eugenia Antzokian, 20:00etan.

irati-paul-urkijo-filma

Bada aurrekari bat: Edgar Wright zuzendari britainiarra 2013ko eta 2021eko edizioetan irribarretsu itzuli zen sorterrira. Baina Paul Urkijok handia egin du: historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen. 2017an, ikus-entzuleek Errementari izan zuten film gogokoena, eta 2022ko edizioan ere, zinemagile gasteiztarraren proiektu epiko berria (euskal zinemagintzako garestiena, gaur arte) goratu dute.

Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu eta bi sari irabaztetik dator Irati (2022), tartean ikus-entzuleen saria, eta harrera beroa espero zuten 33. Beldurrezko Asteko antolatzaileek hirian ere. Aurreikuspenak beteta, arrakastatsua suertatu zen iragan urriaren 28ko emanaldia, Euskal Herriko estreinaldia ere izan zena (irekiera-ekitaldiko kronika irakurri, hemen), eta gaur bertan, festibalari agur esateko, berriz pantailaratuko dute, 20:00etan, Victoria Eugenia Antzokian. Hego Euskal Herriko zinema aretoetara 2023ko otsailaren 24an iritsiko da.

Bestalde, Blogos de Oro saria Uniko ekoiztetxe bilbotarrak sustatutako Unicorn Wars (Alberto Vázquez) film luzeak hartu du. Manuel Aguilarrek, Jon Paul Arroyok, Amaia Egüések, Paula García-Arenzanak eta Mikel Peñak osatu dute epaimahaia, eta “helduentzako animazioa sortzeko apustu egiteagatik, bere originaltasunagatik, jorratzen dituen gai eta ñabarduraz betetako pertsonaia ikonikoen alde egiteagatik” aitortu dute filma. Animazio tradizionalaren eta teknologia berrien konbinazio aitzindaria ere goratu dizkiote proiektuari.

Film laburren lehiaketa

Ikus-entzuleek gainera, 33. edizioko film labur onena aukeratzeko eskumena ere izan dute. Boto gehien jaso dituen lana Brian Quintero kanadarrak zuzendutako Oldtimers (2021) izan da. Animaziozko film labur onena Écorchée (Joachim Hérissé, 2022), eta espainiar film labur onena El semblante (2021) izendatu dituzte.

Ohi bezala, epaimahai ofizialak ere izan du zeresanik. Leire Apellanizek, Javier Parrak eta Aida Solék Alegrías riojanas (Velasco Brocca, 2022) film laburra goratu dute, Mélièsetik Buñuelera doazen erreferentziak gainditzen dituen “kostunbrismo kriptikoko lan bat” dela iritziz, “probokaziozko proposamen lasaigarri bezain bizigarriez jositako kontakizuna”, alegia.

Hain zuzen ere, Zilarrezko Méliès saria, film labur europar onenari emandakoa, The Debutante (Elizabeth Hobbs, 2022) lanak jaso du: “Bere historiaren dinamismo hipnotiko eta erakargarriagatik, animazio teknika ugaritan islatua, besteak beste pinturetan, akuareletan, marrazkietan, ebakinetan eta errotoskopian”.

Gazte Epaimahaiak, bestalde, Oldtimers nabarmendu du, eta Espainiako film labur onenari eskainitako SyFy saria, Pablo Polledrik zuzendu eta Uniko Films-ek ere bultzatutako Loop (2021) animaziozko proiektuak jaso du. FNAC Donostiak babestutako Fanzine onenaren ikusleen saria, azkenik, Spooky Magazine-k irabazi du.