Zuzendaria: David O. Russell
Urtea: 2022
Herrialdea: AEB

 

-Galdutako paradisua-

Forma klasiko eta konbentzionalen atzean, David O. Russell zuzendariak (azken hamarkadetan Hollywood-ek eman duen egile ‘akademizista’ nabarmenetarikoa, bere filmek sari eta industrian daukaten onarpenagatik eta izarrak erakartzeko duen gaitasunagatik) film arrotz samarra eraiki du Amsterdam-en, kontatze erabaki ez-ohikoak plazaratzen dituen heinean: etengabeko flashback eta elipsiak, filmaren ulergarritasunari laguntzen ez diotenak; Estatu Batuen historiaren inguruko istorioa, nahiz eta pelikularen bihotza Europan dagoen (izenburuko Amsterdam horretan); eta genero nahasketa bortitza, drama historiko-erromantikoa, zine beltza edo pelikula belikoa uztartuz, eta dena kutsu komikoz zipriztinduz. Pelikulan zehar denak harmonikoki funtzionatzen duenaren sentsazioa dago batzuetan, eta beste batzuetan bere buruaren kontrol gabeko artefaktua dela pentsatuko dugu. Eta pelikulari buruz esan dugun horrek pertsonaienganako irakurketa ere baliatuko digu, oreka eta nora ezak etengabe tartekatuko baitira pertsonaion ibilbidean.

Protagonista argi batez mintzatu ezin bagara ere (pelikularen nortasuna, eta berriro Amsterdam-era itzuliko gara, hiru pertsonaren arteko erlazioa izango da) Burt Berendsen medikua dugu (Christian Bale, bere bilakaera fisiko muturrekoa eskatzen duen haragitze horietako batetan), ibilbide krudela izango duena, 1910 eta 1933 bitartean: mediku erdi-judua, bere emaztearen familiak Europako gerrara joan dadin hauspotuko du, Frantzian larri zaurituko dute eta etxera itzultzean beteranoenganako esker txarra eta mesprezua baino ez du jasoko, are gehiago elbarri eta etengabe minduta dagoela kontutan hartuta (William Wyler maisuaren The best years of our lives-en oihartzuna baliatu nahi dela ematen du uneren batetan). Hala, bere egoera berdintsuan daudenen mina arintzeko tratamendu medikoak aurkitzen lan egingo du, eta produktu esperimental hauek bere buruan probatuko ditu. Hau guztia era tragikoan konta liteke, baina ez dago horretarako tartetik, pertsonaiari, lehenik eta behin, balore positiboak (eskuzabaltasuna edo gorroto eza) atxikiko baitzaizkio eta bestalde, umorearen erabilerak (pertsonaiari, esaterako, etengabe eroriko zaio kristalezko begia, gag errepikakor bilakatzeraino) pisu dramatikoa arinduko du nabarmenki (era deserosoan, esan genezake, kontatzen dena eta kontatzeko tonuaren arteko hausturaren bitartez arau propioko kontaketa eraikiko balu bezala. Estetika pertsonala albo batera utzita, Wes Anderson-en unibertsoen eraikitzera hurbilduko bagina bezala).

Esan bezala, edonola, Burt-en protagonismoa ez da erabatekoa izango, triangeluaren beste bi erpinek ere bere bilakaera izango baitute (Margot Robbie eta John David Washington-en pertsonaiek istorio erromantiko xalo eta trakets samarra eraikiko dute), eta hiruren arteko laguntasun erlazio horretan jarriko du bere adieraren apustua pelikulak. Eta nahikoa ez, eta beste maila bat ere igoko du pelikulak eremu intimo eta kolektiboaren inguruko hausnarketa nolabait planteatuz. Filmaren bigarren erdian (nahiko berandu, egia esan, pelikularen ardatzak oso sakabanatuta planteatuko zaizkio ikusleari ordurarte) azalaraziko da AEBen historiari helduko dion auzia, 30. hamarkadan estatu kolpe baten inguruko trama sekretua azaleratuko zaigunean, Europako korronte faxisten ildotik. Pasarte hauek guztien plazaratzea (mezu eta aldarrikapen konstituzionalista heroikoen azpimarratzea barne) ez da sotilegia, eta irakurketa politikoak ez dira gehiegi garatzen. Izan ere, erakunde ankerrari aurre egiteko pasarte hau  zine beltzaren oihartzunak bilatuz eraikitzen da (etxez etxeko bilaketa, nolabait detektibeek egiten duten haritik tiratzeko teknika horren bitartez), eta generoen entsalada horretan, erreferentzia hauek dira okerren funtzionatzen dutenak, karikaturizatuak ematen duten pertsonaiez beteko baita pelikula.

Hala, hastapen duina duen eta ondoren huts egiten duen pelikulaz mintza gintezke? Bada, ez genuke halakorik esango. Pertsonaien bizitza torturatuen (denek izango dute sufrimendu dosia bere erraietan, gerra bat igaro dutela kontutan hartuta, are gehiago) oasi bezala ulertuko dugu hiru pertsonaiek Amsterdam-eko etxean igarotako garaia, filmaren erdialdean. Gerra bukatu berritan, gorputzak eta arimak sendatzen ari direla, zoriontasun aroa da, laguntasunaren ardatzaren inguruan bizitakoa. Amsterdam bera apenas azalduko da (etxe batetako barnealdea baino ez zaigu plazaratuko), eta horrek irakurketa urritu beharrean, bizitzako pasarte alaien abstrakzio hori eraikitzen lagunduko du. Egia esateko, (laburregia suertatzen den) Amsterdam-eko pasarte honetan denak funtzionatzen du: erabiltzen dituzten bideokamera domestikoko zuri beltzeko irudiek, kantatzen dituzten zentzu gabeko abestiek eta batez ere Margot Robbieren pertsonaiak sortzen dituen objektuek (begiz beteriko koadro espresibo eta ederrak, edo etxe tresnak, soldaduen gorputzetatik ateratako munizio metalikoak erabilita). Azken errekurtso honek erabilpen narratibo handiagoa izan zezakeela nabarmena da.

Hala, filmaren bukaerara iristen garenerako, eta happy-end delakoaren lurraldeetan barneratzen garen heinean, zapore mingotsa etorriko zaigu pertsonaiek Amsterdam-eko bizipen horiek, berriro bueltatuko ez direnak, gogora ekarriko dituztenean. Wyleren pelikulako izenburuan bezala, bizitzako urte on haiek gugan pizten duten nostalgiaren boterea askatuz. Amsterdam pelikula politikoa baino gehiago, bizipen pertsonalen arrastoari buruzko pelikula bezala ulertu beharko genuke.