Maria Goirizelaiak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzenduko dituzte festibal bilbotarraren 64. edizioko irekiera eta itxiera ekitaldiak. Zinemazaleak aretoetara bueltatzeko nahia eta hunkidura komunitarioa aldarrikatuko dituzte horietan.

Zinebi 64 galak-zinea

Azaroaren 11n, ostirala, emango diote hasiera ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 64. edizioari, Arriaga Antzokian. Aurrenekoz, Maria Goirizelaiak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzenduko dute gala, eta Merina Gris taldearen elektro-popak girotuko du festa, distiraz, aniztasunez, eta konpromisoz. Goirizelaia eta Pikaza festibalari agur esateaz ere arduratuko dira, eta kasu honetan, GHAUren aldakortasun artistikoak eskainiko du emanaldia.

“Aretoetara itzultzea, komunitatean hunkitzea eta arte honen sorreraren zergatia gogoraraztea”, izango dituzte La Dramática Erranteko sortzaileek aldarrikapen, parte hartzaileak izateko helburuz diseinatu dituzten bi ekitaldietan.  Horietan, “oraina berrikusi” nahi dutela azpimarratu dute, “etorkizunean nolako sortzaileak, zinemagileak eta ikusleak izango garen” eraikitzeko.

Irekiera-ekitaldian, ohi bezala, euskal parte hartzea duten eta film laburren sail ofizialean lehiatuko diren lanak pantailaratuko dituzte, 19:30ean hasita: Alas/Tierra (Maddi Barber); The Bath (O banho, Maria Inês Gonçalves); Gran Hotel Nazareno (Txuspo Poyo); Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara García); Hitzak (Josu Martinez); Hondarrak (Marta Gómez eta Paula Iglesias); eta Wild Flowers (Divlje Cvijeć, Karla Crnčević).

Itxiera-ekitaldia, aldiz, hilaren 18an egingo dute, eta nazioarteko epaimahaiak sari ofizialen berri emango du. Anca Caramelea Errumaniako programatzaileak (Cine Ecozine Jaialdia); Hilke Doering Oberhausengo Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren arduradunak; Juan Soto zuzendari, ekintzaile eta artxibista kolonbiarrak; Sabina Urraca idazleak; eta Begoña Vicario animazio-zinemako zuzendari eta espezialistak izango dute azken hitza.