Hainbat belaunalditako sortzaileak harremanetan jarriko ditu Garbiñe Ortega zinema-kuradorea komisario duen Somewhere from here to heaven erakusketak. Bruce Baillieren unibertso filmikoa izango du abiapuntu.
Bilboko Azkuna Zentroak Garbiñe Ortegak komisario duen eta zinema garaikidea ardatz duen Somewhere from here to heaven erakusketa aurkeztu du iragan ostiralean. Zazpigarren arteak new media garaiotan duen errepresentazioaz hausnartzea du ekimenak helburu, eta erakusketa-espazio batean zinemak dituen aukerak aztertuko ditu. 2023ko otsailaren 26ra bitartean, astearte eta igandeetan bertaratu ahalko dira interesatuak, 11:00-20:00 bitartean, doan.
60ko hamarkadan, Ipar Amerikako abangoardia zinematografoetan eragin handiena izan zuen Bruce Baillieren unibertso filmikoa du abiapuntu Somewhere from here to heaven erakusketak. Ortegaren hitzetan, sortzailea inspirazio-iturri izan zuten “hainbat belaunalditako artisten konstelazio bat marraztuko du” ekimenak.
1961ean, Bailliek, beste zinemagile lagun batzuekin batera, saio berezi bat antolatu zuen Canyongo (Kalifornia) etxe batean, “beste inon ongietorriak ez ziren filmak erakusteko”. Komunitate handi bat eratu zuten berehala, San Francisco Cinematheque delakoa sortu, eta munduko abangoardiako zinema-banatzaile garrantzitsuenetako bat, Canyon Cinema kooperatiba, jaio zen ondorioz. Bada, Bilboko Azkuna Zentroan inauguratu duten erakusketak komunitate horretara eramango du ikus-entzulea, Baillie, Chick Strand, Gunvor eta Robert Nelson eta Lawrence Jordanen lanak ezgauraraziz.
Bestalde, lau artista gonbidaturen lanak ere izango dira ikusgai: Apichatpong Weerasethakul (Thailandia), Ben Rivers (Erresuma Batua), Ana Vaz (Brasil) eta Eduardo “Teddy” Williamsen (Argentina) ikus-entzunezko piezak, hain zuzen ere.
Zinema garaikidearen zikloa
Gainera, Zinematekak antolatutako ikusizko esperientziaren eta zinematografikoaren artean kokatutako zinema garaikideko eta esperimentaleko zikloen baitan, azaroaren 2tik 30era, asteazken eta ostegunetan saio bana eskainiko dute, EQZEko ikasleek gidatuta, eta Somewhere from here to heaven erakusketaren parte diren sortzaileen filmak harremanetan jarriko dituzte, gaika sailkatuta. Denek ere, Baillie zinemagilea izango dute ardatz.
Era berean, zinema historikoaren beste ziklo bat egongo da ikusgai 2023ko urtarrilaren 25etik otsailaren 8ra bitartean, 60ko hamarkadako testuinguru emankorrean sortutako filmak berraurkitzeko asmoz. Gainera, La Casa Encendidarekin (Madril) lankidetzan, zinema garaikidearen zikloaren zati bat zinema programazioaren barruan proiektatuko da.
Informazio osagarria, hemen.