Sortzaile donostiarraren hiru film laburrak pantailaratuko dituzte azaroaren 11tik 18ra bitartean gauzatuko duten jaialdiaren 60. edizioaren baitan. Crossroads – Zinemaldia | FICX hitzarmenaren ondorioz, aldiz, 70. Donostia Zinemaldian erakutsi dituzten sei film pantailaratuko dituzte, tartean, Gelditasuna ekaitzean (Alberto Gastesi).
Xulia (2019) eta Zerua blu (2020) film laburrak zuzendu ostean, Lur Olaizola zinemagile eta Tabakalerako ikus-entzunezko programaren koordinatzaileak Hirugarren koadernoa aurkeztu du aurten. Azken bi lanak KIMUAK programan hautatu dituzte, eta gaur jakin ahal izan dugunez, FICX – Xixongo Nazioarteko Zinemaldiaren 60. edizioan ikusi ahalko dira. Azaroaren 11tik 18ra bitartean gauzatuko da ekimena, eta Xixongo Berdintasun Zuzendaritzaren babespean, foku berezi bat eskainiko diote sortzaile donostiarrari.
Donostiako Tabakalerara etorri aurretik, New Yorken aritu izan Olaizola, ikusizko artista eta kultur ekoizle gisa, Horns & Tails ekoizetetxean, baita Architecture & Designe Film Festival jaialdiko koordinatzaile lanetan ere. Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroan ikus-entzunezko dokumentalgile eta muntatzaile aritu zen gero. 2021eko Berlinale Talents talentu berrientzako garapen programan hartu du parte ere.
Crossroads – Zinemaldia | FICX
Donostia Zinemaldiak eta FICX jaialdiak bi hirien arteko lotura geografiko eta historikoaz gain, azken urteetan agertu diren nazioarteko zinema-lehiaketen esklusibitate eskaerei konponbidea bilatzeko asmotan CROSSROADS – Zinemaldia | FICX zikloa adostu zuten 2018an, eta ordutik, bi zinema jaialdien programazio-ildoak bateratuko dituen filmen aukeraketa bat eskaintzen du jaialdi asturiarrak bere egitarauaren baitan. Nazioarteko estreinaldiak lortzeko lehiakortasunari aurre eginez, interes bereziko obra zinematografikoen ezagutza eta nazioarteko estreinaldien hedapena sustatzea ditu akordioak helburu.
2022ko edizioan, sei izango dira azaroaren 11tik 18ra bitartean ikusgai izango diren lanak: 1976 (Manuela Martelli), Il boemo (Petr Václav), Corsage (Marie Kreutzer), Unrest (Cyril Schäublin), Walk Up (Hong Sangsoo), eta baita euskal ekoizpen bat ere, Gelditasuna ekaitzean (Alberto Gastesi).