Ez naiz sekula Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean izan, bi arrazoirengatik. Urte t’erdi daramat hirian eta ezinezkoa izan zait orain arte bertaratzea, batetik; ez naiz generoaren oso zalea, bestetik. Bai, denetik ikusi behar da, eta batez ere, terrorea maite dutenak ezin ditugu sekularizatu, badakit. Baina gero ez daitezela etorri Apichatpong Weerasethakulen edota Tsai Ming-liangen filmak ikusten ditugunongana zer edo zer esanez. Bueno, horiek ere modan daude orain, baina jasanezinak direla esateko ere, behintzat ikusi egin behar! Barkatuko didazue puritanismoa. Broma tonuarekin hasi nahi izan dut testua, nolabait, Beldurrezko Asteko giroan barneratu nahian, iragan ostiralean ez bainuen lortu Antzoki Zaharrean neure burua kokatzea, eta hementxe nire saiakeratxoa…

Abisatu zidaten bestelako festibal bat dela, saioak parte-hartzaileak direla, ikus-entzuleek lotsarik gabe ahoz goran hartzen dutela hitza, bai aurkezpen ekitaldian baita pelikulen emanaldietan ere. Denak balio du? Barrea barrearen truk? Irati ikusi dutenek ulertuko dute azken erreferentzia hau, baldin eta kontzentratzea lortu bazuten. Ziur baietz, ezer gutxi komentatu baitzen Paul Urkijoren bigarren film luzearen emanaldian. Igor Salutregi, ordea, bestelakorik esatekotan da. Zoritxarrez, gernikarraren film laburrari adi-adi inor gutxi egon zen, eta niri (espero dut beste hainbati ere) pena izugarria eman zidan antzokira bertaratu zirenen jarrerak.

Aipatu dut festibalaren sintoniatik at sentitu nintzela, abisuak abisu, gehiegizko oldarraldi eta grazia-egin-nahi fortzatuek (gainerakoon barre eta txaloak nork bereganatuko, horixe lehia!) Azken partida lanaren emankizuna zapuztu zutelako gertatu zitzaidan. Isilunerik ez film laburrak irauten duen 10 bat minutuetan, dena komentatu beharra, hitzartzeustel eta tokiz kanpoko ugari, gehienak, denak ez esatearren, gizon ahostunak. Errespetu falta itzela gernikarrari, lan-taldeari, bere lanari, Oihua! sorkuntza ekimenari (bigarren edizioko irabazle da proiektua), eta filma ikusi nahi genuenoi. Salutregik bazekien nora eta zertara zihoan, publikoa Irati ikusteko irrikan zegoela. Hala aitortu zuen berak taula gainean zintzo, baina ez du inolaz ere horrelako estreinaldirik merezi izan.

Bloga-Irati-zinea

Lehen euskal “Blockbusterra”?

Datozen lerrootan ez duzue Irati filmaren kritikarik irakurriko. Esan dizuet ez naizela generoko filmen oso zale, eta kontrolatzen dutenei uztea komeni. Dagoeneko jakingo duzue zeinen ikusgarria den Urkijoren bigarren film luzea, hitz onak besterik izan ez dituena Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian aurkeztu eta saridun izan denetik. Euskal Herrira ere iritsi da olatua, eta ziur Iker Zabala ZINEAko VII. Kritika Lehiaketako irabazleak asmatuko duela iruzkintzen, filma otsailean zinema areto komertzialetan erakusten dutenean. Irati izaten ari den arrakastari kontrapuntua jartzera nator ni, sarri errepikatzen den fenomenoaren enegarren adibidearen aurrean gaudelako.

Euskal mitologian oinarritutako istorio epikoa du abiapuntu, eta El ciclo de Irati eleberri grafikoaren egokitzapena da. Lamiak, jentilak, Mari, Sugaar, basajaun, zaldunak, borrokak, traizioa, epika, maitasuna, izaki ez gizatiarrak, sua… Erdi Aroan girotutako kontakizun klasikoa, gurera ekarria, kristautasunaren eta paganismoaren arteko gatazkaren testuinguruan. Ikus-entzuleentzako bazka asegaitza. Euskara hutsez gainera, euskal star-system propioari tiraka: Itziar Ituño enegarrenez, Eneko Sagardoy beti bezain fin, Ramon Agirrek ezin hutsik egin, eta deskubrimendu bat: Edurne Azkarate. Arrakasta izateko bermearen osagai guztiak ondo lotuak.

Naturaltzat jo dezakegun pausoa eman du Urkijok. Errementari (2017) opera primaren eta Dar-dar (2020) film laburraren ostean, euskal zinema fantastikoaren ordezkari bilakatu zaigu gasteiztarra, gaur arteko euskal proiektu garestienaren erantzule. Blockbuster-en tankerako ekoizpen ereduaren aitzindari, agian? Ipar Euskal Herriko ekoizleak, RTVE, EiTB -komunikazio taldeak euskal zinema babesteko duen konpromisoaz beste batean hitz egingo dugu…- eta hainbat euskal instituzioren laguntza jaso du, Karlos Argiñanorena barne.

“Izena duen guztia bada”. Euskal mitologiak izanaren izaera galdua bazuen, zinemagile gasteiztarrak gogora ekarri digu berriz. Kobetan eta haitzuloetan betiko margotutako pinturetan irakur daitezkeen historia eta istorioak bezala, zinema bada tresna aproposa, komunitarioa, gaur egunekoa, ahanztura oroitzapen bizi bilakatzeko, norbere usadioei gorazarre egiteko.

Eta guk harrotasunaren domina paparrean daramagu egunotan, gure zinematografia ‘Iratiko basoa bezain handi’ badela demostratzeko beharra sentitzen dugula dirudi. Gutxiagotasun konplexuak minduta bageunde bezala, munduari zer egiteko gai garen erakusten tematzen gara halakoetan. Egunkarietako orriak, tertuliak, sare sozialak bete ditugu beste behin, Altzoko erraldoiaren lekukoa hartuz.

Goraipamenak eta laudorioak dira nagusi euskarazko film batek ohi duen ekoizpen prekarioa gainditzen duenean. Badirudi begietatik soilik sartzen zaizkigula, irudiaren kalitatea eta garbitasuna eta efektu bereziak lehenesten ditugula; pelikula onaren definizioaren parte bailiran lez. Publizitate kanpaina indartsu batek lagunduta badoaz, hedabideak lagun, gainera, gurean kale egiteko arriskurik ez. Badugu aurrekari argi bat: Handia (2017).

133.296 ikusle izan zituen Jon Garaño eta Aitor Arregiren lanak. Eta zein aurrekontu? Zehatz jakiterik ez badugu ere, ICAAren arabera, 980.000 euro inguru jaso zituen laguntza publikoetan. Handia efektuaz ere hitz egin zen, pentsa (2018ko Durangoko Azokan izan genuen gaia hizpide). Zenbat ikusle eta aurrekontu, esaterako, urte bereko beste euskal produkzioek? Bi txirula (Iñigo Garcia), Elkarrekin – Together ( Migueltxo Molina, Pablo Ibarburu eta Igor Otxoa) edota Non (Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs) lanek? ICAAn dituzue datu zehatzak, baina aurreratzen dizuet jasotako babes ekonomikoa besteko oihartzuna izan dutela denek. Ezetz asmatu kalera irten eta euskarazko pelikulengatik galdetzean zenbatek gogoratuko dituzten azken horiek. Egin apustu, moriartitarren alde, Urkijoren alde, diruaren alde. Mainstream ekoizpenek salbatuko ote dute euskal zinema?