13. edizioa azaroaren 4tik 10era bitartean ospatuko dute, eta parte hartzaileek 2 eta 5 minutu arteko film laburrak errodatu beharko dituzte, Bilbon bertan.

zinebi express 2022-zinea

Bi urtez, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialditik kanpo egon ostean, ZINEBI EXPRESS film laburren lehiaketa berrartuko dute aurten. 13. edizioa izango dena, azaroaren 4tik 10era bitartean ospatuko da, eta ohi bezala, edozein herrialdetako zinema ikasleek eta film laburrak sortu zaleek izango dute parte hartzeko aukera. EHUKultura sarearen (EHU/UPV) laguntza du ekimenak, eta jaialdi bilbotarrak EHU/UPVko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin eta Arte Ederren Fakultatearekin elkarlanean antolatzen du, IMVAL, Euskal Herriko Zinema Eskola (ECPV) eta Tartanga Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren babespean.

Kamerak hartu eta errodatzen hasi aurretik, hilaren 4an, EHUn ikasle izandako eta ikus-entzunezko sektorean lanean diharduten profesionalen mahai-ingurura bertaratu beharko dute 2022ko ZINEBI EXPRESS lehiaketan parte hartu nahi duten taldeek. UNIKOAK: Uniaren ostean, zer? izenpean, Ander Barinaga-Rementeriak, Maider Urkitzak, Esti Urresolak eta Larraitz Zuazok hartuko dute hitza, eta beren esperientzia partekatuko dute. Saioa Bizkaia Aretoa – UPV/EHUko Mitxelena aretoan izango da, eta Alaitz Arenzanak moderatuko du.

Solasaldia bukatuta, 13. edizioko gaia proposatuko zaie partaideei, eta hilaren 6ra arte izango dute gutxienez 2 minutu, eta gehienez 5, dituen film laburra sortzeko. Animaziozkoak izanez gero, horiek 30 segundoko iraupena izango baitute gutxienez. Ezinbestean, Bilbon bertan hartu behar dira irudiak.

Egindako lanak Bizkaia Aretoa – UPV/EHUko hallean entregatu behar dira azaroaren 7an, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Horiek ikusi eta baloratzeaz, berariaz aukeratutako epaimahaia arduratuko da, eta lau sari banatzeko eskumena izango du: film labur onenak 800 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak, 600 euro, eta hirugarrenak, 400 euro. Baita, AUX magazine‑rekin lankidetzan ematen den afaria ere.

Saritutako film laburrak hilaren 10ean pantailaratuko dituzte, Bilboko Azkuna Zentroko Golem zinema‑aretoetan.

Ezagutu oinarriak eta parte hartzeko baldintzak, hemen.