Azaroaren 3an, El bosque del lobo (1970) film klasikoa eta Zonbi Eguna (2015) film laburra eskainiko dituzte Donostian eta Gasteizen. Hilaren 4an, aldiz, Bilbon egongo dira sortzailearen lanak ikusgai.
Madrilen ekin zion Pedro Oleak (Bilbo, 1938) bere ibilbide profesionalari. 1967an zuzendu zuen Días de viejo color opera prima, eta ostean, Juan y Junior… en un mundo diferente (1970) aurkeztu zuen. Arrakasta, baina, hirugarren film luzearekin ezagutu zuen, urte berean zuzendutako El bosque del lobo lanarekin, hain zuzen ere. Besteak beste, “Espainia Beltzaren bertsio zakarra” zela iritzi zuen Carrero Blanco garaiko Espainiako presidenteak, “erlijioa eta sineskeria modu tamalgarrian” nahasten zituela eta debekatu egin behar zela. Hala, zentzuratua izatear izan bazen ere, debekua geldiaraztea lortu zuten proiektuaren arduradunek, Zinema Erlijiosoaren eta Giza Balioen Jaialdian (gaur egungo Valladolideko Seminci-n) San Gregorio saria jaso izanaren ondorioz.
Bada, gaur bertan ekingo dioten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astea aitzakia hartuz, Euskadiko Filmategiak zinemagile bilbotarra omentzeko tartea hartuko du, generoan erreferente den El bosque del lobo filma Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan berreskainiz. Saioa azaroaren 3an egingo dute, eta Olea zuzendaria bertaratuko da, aurkezpena egitera.
Zinemagile bilbotarrari goratzeko asmoz, gainera, dagoeneko klasiko bilakatu den filma Gasteizko Artium Museoan ere egongo da ikusgai, hilaren 3an bertan, nahiz eta, sortzaileak ezin izango duen bertaratu. Hurrengo egunean, Bilboko Arte Ederren Museoan pantailaratuko dute, Olearen beraren presentzian.
Hiru egoitzetan egingo dituzten saioak 19:00etan abiatuko dituzte, eta Zonbi Eguna film labur musikala ere ezagutzeko aukera egongo da. Sarrerak eskuragai daude Euskadiko Filmategiaren webgunean.