Berrikuntzez beteta dator 2023 eta 2024 urteetan zehar luzatuko den egitasmoa. Zinemari dagokionez, film laburrak ez dira film luze bakarrean ekoitziko. Gainera, sorkuntzen hedapenari begira, aurten ez da esklusibotasunik izango lanak erakusterako orduan.

Geuretik Sortuak II-zinea

Aurreko edizioaren arrakastak bultzatuta, eta hainbat hilabetez luzatu den prestaketa garaiaren ostean, bigarrenez abiatu du Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen Udalbiltza erakundeak Geuretik Sortuak egitasmoa. Euskaraz sortutako artea sustatu eta hedatzea helburu izanik, zinemagintzan, antzerkigintzan, literaturan, eta berrikuntza gisa, komikigintzan aritzen diren sortzaileei zuzendutako beka deialdia zabaldu dute, eta eskaerak egiteko epea Buletin Ofizialetan argitaratzen den unetik hilabetez egongo da zabalik, azaroaren 26ra arte, alegia (barne).

Eskatzaileek beren bizilekua ez den herri batean hiru astera bitarteko egonaldia egiteko aukera izango dute, bertako errealitatean modu askean oinarrituta, herritarrekin harremanean, euskarazko sormen lan bat garatzeko. Hautatua den sortzaile bakoitzari bi beka eskainiko zaizkio: bata lanaren sormen, garapen edota ekoizpenerako; eta bestea, gero etorriko den hedapen fasean sortzaileek egingo dituzten aurkezpen/emanaldien ordainsari gisa (azken hau emanaldi kopuruaren araberakoa izango da). Horiez gain, egitasmoak sortzaileen egonaldiko dietak, ostatua eta garraio-gastuak ere estaliko ditu.

Iaz ez bezala, 2023-2024 aldian luzatuko den deialdian, antolatzaileek ez dute parte hartuko duten udalerrien zerrenda argitaratuko, izan ere, sortzaileek aukeratu beharko dute beren proiektua non garatu. Horretarako, proposamen ireki bat aurkeztea dagokie baita eremu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna adierazten duen dokumentua atxikztea ere. Herri bakoitzari hoberen dagokion artista eta proposamena esleitzeko Balioespen Batzordea osatuko da, behin deialdia amaituta.

Kultur arlo bakoitzak lanak bukatuta bidaltzeko epe jakin bat izango du. Zinemari dagokionez, 2023ko abenduaren 23a da azken eguna, gainera, lehenengo edizioan ez bezala, film laburrak ez dira film luze bakarrean ekoitziko. Bakoitzak bizitza propioa izango du, nahiz eta batera aurkeztuko diren.

Hedapen-zirkuituan aldaketak

Hautatutako proiektuen hedapenean ere aldaketa nabarmena izango da Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren edizioan: esklusibotasun-eza eta zirkuituaren moldagarritasuna.

Zirkuituaren epemugen baitan, sortzaileek proiektuan parte hartuko duten udalerriak ez diren beste eremuetan aurkeztu ahal izango dute lana. Beti ere, baldintza batzuk bete beharko dira kasu hauetan: egitasmoan sartuta dauden udalerriei lehentasuna emango zaie egitaraua zehazteko, egonaldia egin den lekuan aurkeztu beharko da lehen aldiz sormen lana eta, antzerkiaren kasuan, ekimenetik kanpoko udalerrietan egiten diren aurkezpenetan %15ean handitu beharko dute katxeta.

Herri bakoitzak ez du zertan sortutako lan guztien emanaldiak hartu; bai ordea, sortutako lanen erdia gutxienez. Aukeraketaren arabera, zirkuitu moldagarri eta parekide bat sortuko da lan guztien artean.

Ikusi deialdiaren oinarriak, hemen.