Munduan gertatzen diren eskubideen urraketak ikusarazteko asmoz, Hariak zinema jaialdia antolatu dute Hernanin (Gipuzkoa). Azaroaren 3tik 13ra bitartean ospatuko da, eta hamahiru proiekzio hartuko ditu bere gain.

Hernaniko Udaleko Lankidetza arloak urteak daramatza munduko errealitate desberdinen arteko harremanak landu eta egoera ezberdinekiko sentsibilizazioa sustatzen, eta eginkizun horretan mugarri izateko aurkeztu dute Hariak. Munduan zehar ematen diren giza eskubideen urraketak ikusaraziko dituen zinema zikloa izango da eta, batez ere, urraketa horien aurrean antolatutako erresistentziei leku egingo diena.

Azaroaren 3tik 13ra bitartean, bederatzi film bederatzi film luze eta lau film labur proiektatuko dira jaialdian eta, horiez gain, erakusketa bat ere egongo da ikusgai. Kulturarteko Plaza Feministan egingo dituzte hitzorduak.

Ondorengoa duzue atondu duten programazioa:

Azaroaren 3an, Zinemaldia irekitzeko Flores de la Llanura Mexikoko film laburra emango dute. Egun berean, Tras las huellas de l_s desaparecid_s erakusketaren inaugurazio ekitaldia izango da ere. Bertan artean izango dira zuzendaria eta produktorea azalpenak emateko.

Azaroaren 4an, berriz, Nuestra Libertad El Salvadorren abortatzeagatik kartzelan dauden hamasei emakumeren inguruko filma ikusteko aukera izango da. Aurtengo Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian Publikoaren saria irabazi zuen lanak, eta emanaldia lagunduko duen  solasaldian bertan izango dira gaian aditua den abokatu bat eta Askabide klinikako ordezkari bat.

Azaroaren 5ean, saio bikoitzaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuek. Goizean, La vida después del Isis dokumental saritua emango dute; arratsaldean, aldiz, Como yo quiera filma ikusteko aukera egongo da. Egipton pasa den hamarkadan izandako iraultzaren manifestaldietan izandako bortxaketa masiboak izan izango ditu lanak hizpide. Bi pelikula horietaz hitz egiteko, erreferentea den Olga Rodriguez kazetaria hurbilduko da Hernanira.

Azaroaren 6an ere saio bikoitzaz egingo dute. Goizaldean, Els nostres George Floyds dokumentala proiektauko da. Estatu espainiarrean izan diren abusu eta bortizkeria polizialen testigantzak biltzen dituena. Marc Almodovar eta Ricard Gonzalez zuzendariek hartuko dute parte aurkezpenean. Arratsaldean, berriz, 918 gau dokumentala aurkeztuko du Arantza Santesteban zuzendariak, kartzelan igarotako denbora bizi eta hausnartu zituenen ingurukoa.

Azaroaren 9an, saio berezia antolatu dute herriko ikastetxe bateko ikasle batzuekin. Kalean film laburra emango dute eta, ondoren, Donostian, kale gorrian, bizi diren protagonistekin solasaldia izango da.

Azaroaren 10ean, Indestructibles dokumentala proiektatuko da. Xavier Aldekoak eta Alfons Rodriguezek Afrikako gazteei buruzko bestelako begirada bat islatzen dute bertan, eta biek hartuko dute parte lanaren aurkezpenean.

Azaroaren 11n, Ane Irazabalek eta Cosimo Caridik ondutako dokumentala ikusteko parada izango da: Awlad – Hesiak gainditu. Errefuxiatuak diren lau haurren istorioa da eta hezkuntza formala lortzeko eguneroko borroka deskribatzen du. Irazabalek streaming bidez parte hartuko du saioan.

Azaroaren 12an ere hitzordu bikoitza izango da. Goizeko saioan Ipar Basatia film luzeak hartuko du plaza. Irun-Hendaiako eta Mexikoko mugen inguruan hitz egiten da bertan eta, gaia kokatzeko, bi mugetan adituak direnak izango dira jaialdian. Arratsaldean, aldiz, Aquí estamos filma proiektatuko dute, Kanariar Irlak ihesbide dituen migrazio fluxuaren ingurukoa. Javier Rios zuzendaria eta Loueila Mint El Mamy migranteen eskubideen alde lanean ari den abokatu sahararra izango dira Kulturarteko Plaza Feministan.

Azaroaren 13an, amaitzeko, Almerian lan eta bizi diren emakume jornalarien esplotazioa eta eskubideen urraketa salatzen duten bi film labur emango dituzte. Batetik, Vecinas, vivas donde vivas eta, bestetik, Vidas invisibles. Mujeres migrantes bajo el plástico. Zereginean aritutako  jornalari bat eta ekintzaile bat bertaratuko dira saiora, auziaren ingurukoak azaltzera.