Pantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak PANTAILALDIA izeneko jarduera antolatu du datorren azaroaren 11tik 18ra. Euskaraldiaren testuinguruan antolatutako ariketa kolektiboa izango da, herritarrak aktibatzea, euskarazko ikus entzunezkoen kontsumoa sustatzea, eta erakundeak arlo honetan mugiaraztea helburu duena.
Ikus-entzunezkoen kontsumoaren inguruan gauzatu diren azken ikerketek alarma guztiak pizteko moduko datuak utzi dituzte gurean. Batetik, UEMAk gazteen ikus-entzunezko ohiturei buruz egindako azterketak herririk euskaldunenetan ere pantailetan erdara jaun eta jabe dela erakutsi dute. Bestetik, Soziolinguistika Klusterrak eginiko Kale Erabileraren neurketan ikusi ahal izan da 2006tik 2021era puntu bat baino gehiago jaitsi dela euskararen kale erabilera Euskal Herrian, eta beherakada bereziki nabarmena izan dela azken bost urteotan arnasgune izendatutako herri gehienetan. Gainbehera honek iraultza digitalak ekarritako baliabide eta kontsumo ohitura berriekin lotura zuzena duela uste du Pantailak Euskaraz ekimenak, eta egoera iraultzeko neurriak hartzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen duten bere jardunaren bitartez.
Hain zuzen ere, mobilizaziorako deialdi horren baitan kokatu dute PANTAILALDIA, eta bi helburu nagusi izango ditu. Lehenik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa areagotzea. Telebistan, zineman, streaming plataformetan, Youtuben, bideo-jokoetan… dauden euskarazko kateak, baliabideak, euskal sortzaileen lanak zein nazioarteko euskaratutako edukiak kontsumitzeko ohitura zabaldu nahi du Pantailak Euskaraz ekimenak euskal komunitate linguistikoan. Izan ere, pantailetan kontsumitzen dugunak eragin zuzena du hizkuntza ohituretan, eta beraz, herritarrak euskarazko kateak eta edukiak hautatzera bultzatzea litzateke bidea.
Bigarrenik, euskaldunok ikus-entzunezkoak euskaraz bizitzeko ditugun muga eta gabeziak agerian uztea du xede. Plataformako kideen aburuz, “gauza jakina da” pantailen munduan euskarak duen presentzia oso baxua dela. Astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak soilik kontsumitzeko (eta sortzeko) ariketa eginez, herritarrek honetarako dituzten zailtasunen kontzientzia hartzea eta erakundeen aldetik euskararen presentzia eta erabilera biderkatzeko neurri berriak beharrezkoak direla azaleratzea du helburu.
Bada, azaroaren 11tik 18ra, PANTAILALDIAn parte hartzeko deia luzatu nahi diote euskaldun komunitate osoari. Izena emateko, pantailakeuskaraz.eus atarian sartu eta bertan aurkituko duten formularioa betetzea nahikoa izango da. Horrez gain, parte-hartzaileei dei egin diete egunero ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitu/sortzeko izandako bizipenak eta zailtasunak partekatzeko; #PANTAILALDIA traola erabili beharko dute horretarako, eta euren profiletan ekimenaren logoa jarri.
Halaber, aste osoan zehar hainbat ekimen antolatu eta hauetan parte hartzeko deia ere luzatuko dutela iragarri du taldeak. Hala nola, azaroaren 13, igandean, euskaldunok zinemetan bizi dugun diskriminazioa salatzeko burutuko duen protesta.