Ondareari Begira ondare kulturala ezagutarazteko film labur dokumetalen lehiaketaren lehenengo ediziorako deialdia egin du Ondarebizia egitasmoak. Azaroaren 24ra bitartean aurkeztu ahalko dira lanak, zehaztu dituzten baldintzak betetzen dituztela ziurtatuta.
Erronka eta planteamendu berriei aurre egiten dien laborategi programa bat da Ondarebizia, kultur sektoreko hainbat eragilerekin konplizitateak eta lan-ildoak aktibatzen dituena. Bide horretan sortu dute, hain zuzen, Ondareari Begira film laburren lehgiaketa. Begirada berriak piztu nahi dituzte, gure errealitateak behatu, eraldatu, birsortu eta birbizi; herritarrek gaiaren inguruan duten ikuspegia parteka dezaten.
Hala, 18 urtetik gorako norbanako zein taldeentzat zabaldu dute parte-hartzea, eta beste deialdietan parte-hartu duten film laburrak onartuko dituztela aurreratu dute, betiere hauek ez badira sarituak izan. Lanok, 15 minutuko iraupena izan behar dute gehienez, belaunaldien arteko elkargune bat sortzeko baliagarriak izan beharko dute.
Era berean, lehiaketa honek garrantzia emango dio gaiaren inguruan hausnarketa berriak plazaratzen dituzten eta ondarearen, bizirik eta eboluzioan dagoen nozio gisara ulerturik, komunikazio gaitasuna sustatzen duten lanei.
Azaroaren 24ra arte egongo da lanak aurkezteko aukera, horretarako propio atondu duten galdetegiaren bitartez.
Baina, zer da ondarea?
Ondarea iraganetik datorkigun, orainean bizi dugun eta hurrengo belaunaldiei igorriko diogun oinordetza kulturala da. Ondarea ez da monumentuetara eta objektuen bildumetara mugatzen. Geure arbasoengandik oinordetzan jaso ditugun adierazpenak ere badira, hots, ahozko ohiturak, erakuskizun arteak, erabilera sozialak, errituak, jaialdiak, naturaren eta unibertsoaren inguruko ezagutza eta praktika eta artisautza tradizionalaren inguruko jakintza eta praktika dira. Ondare kultural materiagabea edo bizirik dagoen ondarea kultura aniztasuna mantentzeko faktore garrantzitsua ere bada.
Sariak:
- Film labur hoberenaren saria: 500 euro eta irabazlearen diploma
- Ondarebizia saria: Belaunaldien arteko begirada hobekien isladatzen duen lanarentzako 250 euroko Ondarebizia saria eta egiaztagiri diploma
- 6 ohorezko diploma