Ohorezko Mikeldi sariarekin omenduko du 64. ZINEBIk zinemagile gipuzkoarra, eta festibalaren atarian, urriaren 27an, sortzailearen film laburrak ikusteko aukera eskainiko dute, Bilboko Arte Ederren Museoko auditoriumean. Salaberriari buruzko mahai-ingurua ere hartuko du hitzorduak.
ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak berriki hil den Iñigo Salaberria errenteriar zinemagilea omenduko du azaroaren 11tik 18ra bitartean ospatuko duten 64. edizioan. Sortzailearen ibilbidea goratzeko asmoz, Ohorezko Mikeldi sarietako bat eskainiko dio festibalak, eta Omenaldia Iñigo Salaberriari: (argia) ikusteko ibiltzea, (itzala) ikusteko itxarotea izenburupean, enkontru berezia antolatu dute.
Urriaren 27an, Bilboko Arte Ederren Museoko auditoriumean, Birta Mirkur (1987), Disdirak (1992), Luz a la deriva (2015) eta Lo ibiltariak (2017) film laburrak egongo dira ikusgai, 19:00etan. Topaketa Videoflux (Euskal Herriko Unibertsitateko AKMEKA Ikerketa Taldeak) proiektuak proposatu du, eta Gabriel Villota irakaslea da komisarioa. Salaberriaren lana ardatz izango duen mahai-ingurua gidatuko du, eta bertan, Miguel Zugaza erakundeko zuzendariak, Vanesa Fernández ZINEBIko zuzendariak, Fito Rodríguez idazle, irakasle eta komisarioak, Pablo Maravi irakasleak, Santi Eraso Artelekuko zuzendari ohiak eta Maria Elorza zinemagileak parte hartuko dute.
Bideoarteari leial
Bere belaunaldiko bideoartista garrantzitsuenetako bat izan da Salaberria, irmotasunez bere sorkuntza independentearen defendatzailea. Paris III eta Valladolideko unibertsitateetan Historia eta Estetika Zinematografikoko ikasketak egin ondoren, 1984an eta 1985ean izan zuen bideoartearekin lehen harremana, Parisko American Centerreko bideo ikastaroen bidez. Bertan, laguntzaile tekniko gisa lan egin zuen, besteak beste, Michel Jaffrennou, Joan Logue, William Wegman edo Ken Feingold artista ospetsu eta eragin handikoen tailerretan.
Bere lehen lanetan dagoeneko suma zitekeen errenteriarraren begirada behatzaile eta sarkorra, zeinaren bitartez transzenditu egin nahi baitzuen ikusten zenaren itxura hutsa. Hala ere, artista poliedrikoa eta konplexua izan zela gogoratu du topaketaren komisarioak.
Irakurri Villotak Salaberriari buruz idatzitako aurrerakina, hemen.