Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko Udala eta Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen Benito Ansola Sariaren VII. Edizioko izen-ematea zabaldu dute, 2023ko urtarrilaren 15era bitartean. Izaskun Urkijo eta Maider Oleaga zinemagileen esku egongo da epaia.

Euskal gazteen ikus-entzunezko sorkuntza sustatzeko helburua duen Benito Ansola Sariak aurtengo deialdia zabaldu berri du. Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak bi urtean behin antolatutako deialdia da, eta 18 eta 36 urte arteko gazteei zuzenduta dago, hamar hilabeteko epean, euskarazko ikus-entzunezko lan bat garatu dezaten. Irabazleak, 3.000 euroko ordainsaria izango du horre

Deialdi honetara disziplina ezberdinetako ikus-entzunezko lanen proiektuak aurkeztu daitezke (fikzioa, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak). Baina hori bai, originalak izan behar dira; hau da, inon argitaratu gabekoak eta ezta beste inondik moldatuak ere. Gehienez ere 18 minutuko eta gutxienez 9 minutuko iraupena izan beharko dute (animazioen kasuan, gutxienez 3 minutu). Gainerakoan, sariaren oinarrietan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte parte-hartzaileek eta aurkezten dituzten lanek.

Aurtengo edizioko epaimahaia Izaskun Urkijo eta Maider Oleaga zinemagileek osatuko dute. Lan guztien artean 3 finalista hautatu eta otsailean egingo den online Pitching saio baten ondoren izendatuko da lan irabazlea. Ondoren, 2023ko Lekeitioko Euskal Zine bileran proiektuaren aurkezpen bat egingo du sarituak, Benito Ansola sariari eskainitako espazioan.

Harrobi oparoa

Gazteei euskarazko ikus-entzunezko lanak ekoiztu ditzaten bidea zabaltzeko sortua, Benito Ansola Sariak VII. Edizioa beteko du aurten. Urteotan, gaur egun zinemagintzan bide oparoa egin duten hainbat zuzendari aurki daitezke, besteak beste: David Zabala, Paul Urkijo, Aitor Gametxo, Maider Fernandez, Oier Fuentes edo Imanol Gurrutxaga, sariaren iazko irabazlea.

Benito Ansola sariei buruzko informazio gehiago, hemen.