2022ko edizioa urriaren 20tik 23ra bitartean ospatu dute, eta Eñaut Castagneten film laburra izan da garaile. Hamazortzigarrenez, gainera, Kameratoia euskarazko film laburren rallya ere egin dute, eta Olatuen soinua lana nagusitu da. Ramon Agirre aktorea omenduz agurtu dute “Lekeition zinea gara” lelopean gauzatu duten ekitaldia.
Euskara hutsez egiten den zinema jaialdirik zaharrena da Lekeitioko Euskal Zine Bilera, Hazparneko Zinegin jaialdiarekin batera, euskara hutsez egiten diren lanen erakusleiho bakarra. Lagun talde batek jarri zuen martxan duela 45 urte, eta mundu mailako pandemia bat pasa berritan, bizirik dirau. Genero eta izaera oso ezberdinetako 20 lan lehiatu dira sail ofizialean, eta denak ikusi ostean, Getari Etxegarai aktore eta zuzendariak, Paul Urkijo zinemagileak eta Izaskun Urkijo arkitekto eta zuzendariak 2022ko irabazleen berri eman dute.
Eñaut Castagneten Muga film laburrak jaso du Urrezko Antzarra, 3.000 euroko saria barne. “Immigrazioa, maila sozial eta lan esplotazioa bezalako gaiak jorratzen dituen lana da Muga, western estruktura duena eta denbora osoan tentsioa mantentzen duena”, adierazi dute epaimahaikideek. Horrez gain, “kameraren erabilera eta musikaren erabilera bikaina” ere nabarmendu dute. Aipamen berezia, aldiz, Leire Egañaren Erlojupekoa-ri egin diote.
Zuzendari onena (1.600) Aitzol Saratxaga izendatu dute, Lanbroa lanean “baliabide narratiboak ikus-entzunezko lengoaiaren bitartez adierazi, eta genero fantastikoaren kodeak modu paregabean erabiltzen dituelako”. Gidoi onenaren saria (1.600 euro), Raul Barrerasen Arnasa-k irabazi du: “Xamurra eta hunkigarria”. Narratiboki era borobilean egina eta errespetuzko mezua adierazten duela azpimarratu dute epaileek.
Urtero legez, ikus-entzuleek beren lan gustukoena erabakitzeko aukera izan dute. Boto gehien jaso dituena (5etik 4,31 puntu lortuz), Raul Barrerasen Arnasa izan da. EITB Ikusleen sariaren hartzaileari 750 euro eman dizkiote. Bestalde, aurtengo edizioan aurre-aukeraketa pasatu duen egile gazte bakarra izan da Nagore Muriel, eta beraz, berak zuzendutako Erro bi izendatu dute Gazte 22 sariaren irabazle.
Kameratoia 2022
Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak elkarlanean antolatzen duten euskarazko film laburren rallyak 18. edizioa bete du aurten. Parte hartzaileek 36 ordu izan dituzte antolatzaileek emandako gaiaren inguruan film labur bat errodatzeko, eta atzo bertan aurkeztu zituzten sorkuntza guztiak. Kalean gora-kalean behera esaldia izan dute parte hartzaileek abiapunturako erronka.
Urkijo bera eta Iban del Campo izan dira epaimahaikide, eta hiru sari banatu dituzte: Olatuen soinua lana izan da irabazle, eta 800 euro hartu dituzte sortzaileek. Bigarren saria, Haragia lanarentzat izan da, eta egileei 430 euroko ordainsaria eman diote. Publikoaren saria, Galapan obrak hartu du.