Fikziozko 21 lanek, animaziozko 19k eta 20 dokumentalek osatuko dute 2022ko aukeraketa. Ohi bezala, euskal parte hartzea duten eta film laburren sail ofizialean lehiatuko diren ekoizpenak irekiera ekitaldian pantailaratuko dituzte, azaroaren 11n.

Zinebi film laburrak 2022- zinea

Guztira, 3.433 lan aurkeztu dira azaroaren 11tik 18ra bitartean ospatuko duten ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko 64. ediziora, eta hautaketa-batzordearen erabakiz, sail ofizialean 36 herrialdetako 57 film laburrek parte hartuko dute. Erdia baino gehiago emakume zinemagileek zuzendutakoak dira, 38 zehazki. Herrialdeei erreparatuta, frantziar ekoizpenak dira nagusi (11 proiektu; aldiz, Portugal eta Txinako 5na, eta Poloniako 4).

Anca Caramelea Errumaniako programatzaileak (Cine Ecozine Jaialdia); Hilke Doering Oberhausengo Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren arduradunak; Juan Soto zuzendari, ekintzaile eta artxibista kolonbiarrak; Sabina Urraca idazleak; eta Begoña Vicario animazio-zinemako zuzendari eta espezialistakosatuko dute epaimahaia, eta hilaren 18an egingo duten itxiera-ekitaldian banatuko dituzte sari ofizialak.

Urtero legez, film labur guztiak dira ZINEBI Sari Nagusia (7.000 euro) irabazteko hautagai, eta fikziozko, animaziozko zein film labur dokumentalek beren aitortza propioa ere izango dute (6.000 euro atal bakoizteko irabazleak). Espainiako lan onena (6.000 euro) ere ebatziko du epaimahaiak. Gainera, FAS Zineklubakren Saria (2.000 euro), Ikus-Entzuleen EiTB Saria (3.000 euro) eta Unicef Saria  ere banatuko dituzte.

Euskal film laburrak lehian

Azaroaren 11n, ostirala, emango dio hasiera 2022ko edizioari, Arriaga Antzokian, 19:30ean hasita. Azken urteotako ohiturari jarraituz, euskal parte hartzea duten eta film laburren sail ofizialean lehiatuko diren lanak pantailaratuko dituzte: Alas/Tierra (Maddi Barber); The Bath (O banho, Maria Inês Gonçalves); Gran Hotel Nazareno (Txuspo Poyo); Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara García); Hitzak (Josu Martinez); Hondarrak (Marta Gómez eta Paula Iglesias); eta Wild Flowers (Divlje Cvijeć, Karla Crnčević). Horiek Euskal Zinearen Sari Nagusiaren lehian ere izango dira, 6.000 eurorekin hornitutakoa.