1972an sortutako Kresala Zineklubak oraindik ere bizirik dirauela aldarrikatu dute Donostiako Antzoki Zaharrean egindako ekitaldi berezian. Zineklubeko sortzaileek Kresala Sariak jaso dituzte, eta Kresala Zinekluba, hamaika mundutarako leiho bat dokumentalaren mundu mailako estreinaldiak borobildu du ospakizuna.

Kresala 50-zinea

Argazkia: Donostia Zinemaldia

Bart izan dute egun handia, urteurren borobila: dagoeneko mende erdia bete duela baiezta dezake Donostiako Kresala Zineklubak. Noizbait amets bat besterik izan ez zena, gaur, bizi-bizirik dagoen errealitatea da. Hiriko Antzoki Zaharrean ospatu dute elkarteko kide eta lagunek efemeridea, zineklubaren historiako lehen proiekzioa egin zutenetik 50 urte pasa direla, alegia, eta ekimenaren sortzaileei aitortza berezia eginez, txalo artean goratu dute beren ekina.

Luis Bergua, Juan Berasategi eta Fernando Mikelajauregui izan dira Kresala Zineklubak emandako Kresala Sarien hartzaileak, 1972tik donostiarrei bestelako zinema eskaintza proposatzen jardun duten kide historikoak: “Urte berezi honetan, ezin genituen beraien lana eta ilusioa ahaztu. Beraiei esker, zineklubak bizirik jarraitzen du, eta hurrengo belaunaldiek beraien legatua jasotzeko aukera izan dugu”. Hain zuzen ere, urte hauetan guztietan, hainbat zinemazalek jo dute Kresala Zineklubeko atea, eta gazteen ekarpena zein ikusmirari paso eman badiote ere, beti laguntzeko prest izan dira: “Zineklubetik gertu mantendu dira azken urteetan. Adibidez, Berasategi eta Mikelajauregui asteartero hurbiltzen dira saioetara. Eta Berguak bere pasioa transmititu digu behin baino gehiagotan”.

Zineklubak, gainera, Donostiako Udalbatzak urtero banatzen duen Hiritar Merezimenduaren Domina jaso du aurten, hiriari egindako ekarpen eta lana azpimarratuz. Ia etenik gabe, asteartero, Trueba aretoan beso zabalik hartzen dituzte atondutako programazioaz gozatzera hurbiltzen diren herritarrak. Zinemagile kontsakratuei eskainitako atzera begirakoak, hainbat elkarterekin lankidetzan antolatutako zikloak, saio bereziak… denetarako prest daude, baita irratian aritzeko ere.

Donostia Kultura irratiaren Ispilu Beltza magazinean egindako aldizkako kolaborazio gisa abiatu zuten iaz irrati uhinen bidezko ibilbidea. Bada, forma eta pisua hartzen joan den kolaborazio iraunkorra bilakatu den heinean, Ulu Media ekoizleen eskutik, Eskamak Kentzen podcasta ere abiatu dute.

Hamaika mundu, leiho bat

Victor Sjöström zinemagile suediarraren The Wind (1928) klasikoa pantailaratuz ekin zioten zineklub donostiarreko kideek 50. urteurrena ospatzeko beroketa lanei, urtarrilean, eta Shame (2011), Steve McQueenek zuzendutako drama-erotiko asaldagarriaren emanaldi berezia atondu zuten, maiatzean. Bada, urte erdi baino gehiago pasa da, eta atzera kontaketa bukatu da. Kresala Sariak banatzeaz gain, atzo, Antzoki Zaharrean, beraiek propio bultzatutako Kresala Zinekluba, hamaika mundutarako leiho bat dokumentala aurkeztu zuten atzo, Leire Egañak zuzendutakoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzaren Piztu META!  mikromezenasgo programaren baitan lortutako diruarekin sortu dute ikus-entzunezkoa, zineklubaren filosofiarekin modu batean edo bestean esanahi sakona izan duten profesionalen arteko elkarlana izan da.

Protagonisten narrazioek gorpuzten dute, diktadura garaitik gaur egun arte, zentsurak debekatu zituen filmen zatiak ere barneratuz. Alde batetik, zineklub zaletasunaren kultura zabaltzea  du proiektuak helburu, egileen aburuz zine narratibo konbentzionala bezain garrantzitsua baita hizkuntza aurreratzen duten apustu esperimentalagoak egitea; eta, bestetik, zinemari omenaldi bat egitea, hunkitzeko eta erakusteko gai baita.