Xixongo Nazioarteko Zinemaldiak eta Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak lankidetza akordioa berritu dute, eta ondorioz, hiru film luze eta bi film labur aldi berean estreinatuko dira batean zein bestean. Tartean, zinemagile bizkaitarraren lana.

FICX eta Zinebi lankidetza-zinea

Obra zinematografikoen zirkulazioa, difusioa eta ikusgaitasuna sustatzeko asmoz, bost film batera estreinatuko dituzte 60. FICX eta 64. ZINEBI zinema jaialdiek.  Batak zein besteak, azaroaren 11n ekingo diote 2022ko edizioei, eta bi hitzorduon arteko harreman onaren seinale, lankidetza berezia jarri dute martxan.

Hiru film luze eta bi film labur izango dira Xixonen eta Bilbon aldi berean ikusgai, eta tartean da, Iratxe Fresneda zinemagile bizkaitarraren Tetuan, bere ‘Erregistroaren Trilogia’ itxiko duena. FICXeko sail ofizialean parte hartuko du, eta jaialdi bilbotarrean, aldiz, Bertoko Begiradak. Miradas Desde Euskadi atalean erakutsiko dute.

Veneziako Mostran lehiatu eta saridun izan den Anhell69 (Theo Montoya), bestalde, beren ibilbidea film laburren merkatuan hasi duten, eta film luzeetarako jauzia egin duten zinema zuzendarien belaunaldi berriari eskainitako ZIFF – Zinebi First Film lehiaketan egongo da ikusgai.

Gainera, azaroaren 18ra bitartean gauzatuko den jaialdi bilbotarreko Beautiful Docs – Munduko film luze dokumentalen panorama atalean proiektatuko dute À vendredi, Robinson, Mitra Farahani irandarraren filma. Berlingo zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia jasotzetik dator, eta hil berri den Jean-Luc Godard du ezusteko protagonista. Hain zuzen ere, Farahni Godarden azken filmen ekoizlea izan da, besteak beste, Adieu au langage (2014) eta Le Livre d’image (2018) lanena.

Film laburrei dagokionez, Blanca Camell Galíren Castellsek idatzi eta zuzendutako Castells lana (Locarnoko jaialdian aurkeztu zena), zein Ramón Lluís Banderen Contracampos izango dira ZINEBIko sailc ofizialean lehian. Baita Xixonen ere.