Galiziako Pontevedra probintzian zehar aurkeztuko dute egunotan Apaiz Kartzela dokumentala. Ritxi Lizartza zuzendaria eta protagonistetako bi -Xabier Amuriza eta Juan Mari Arregi- izango dira bertan. Era berean, aurkezpenek Anxo Curras historialariaren partaidetza izango dute.

CloseUp Edinburgh Docufest, Miradas Diversas – Venezuelako Giza Eskubideen Nazioarteko Zinemaldia, Diritti Umani di Napoli Zinema Jaialdia, OFFCINEDOC eta Cerdanyako Zinemaldian (Girona) bi aldiz saritua izan ondoren, Apaiz Kartzela (2021) Galiziara itzuliko da.

Dokumentala Euskal Herriko, Nafarroako, Gaztela eta Leongo, Kataluniako, Andaluziako, Galiziako… hainbat hiri eta herritan zehar egindako aurkezpen biran murgilduta dago eta, bide horretan, CATOIRA, NIGRAN eta BAIONA herrietan ikusi ahal izango da urriaren 19, 20 eta 21ean, hurrenez hurren.

Filmaren ingurukoak

1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso dituzten abade horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten mutinaren irudiak. Izan ere, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeudenek.

Bada, garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak azaleratuko ditu Apaiz Kartzela dokumentalak. Belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz-kartzelaren historia, eta, askotan esan diguten moduan, ezezaguna izateaz gain, kontatu gabe ere baitago.

Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta* Films ekoiztetxeak sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabriskieren ekoizpen elkartuarekin, eta, besteak beste, EITBren, Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazioaren eta Etxepare Institutuaren parte hartzearekin. Talde teknikoari dagokionez, Xabier Etxeberriak eta Martin Etxeberriak, Miguel Angel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok sinatu dute gidoia, eta Maialen Sarasuak burutu ditu edizio lanak. Halaber, Kote Camachok sortu ditu animazioak, eta Joserra Senperenarenak dira doinuak.