14-18 urte arteko gaztea zara? Istorioak asmatzea maite duzu ? Mashup zine tailerra zuretzat da! Azaroaren 2, 3 eta 4an muntaketaren sekretuak aztergai izango dituen lantegia atondu du Zukugailua plataformak eta zabalik da jada izen-ematea.

“Azaroan Kanboko mediatekan elkartuko gira muntaketaren sekretuak deskubritzeko eta zuek izanen zizte protagonistak” aurkeztu dute ekimena profesional deitzaileek. Zabaldutako oharraren arabera, Mashup mahaiari esker, gazteek muntaketaren prozesua ezagutu eta ulertuko dute manera ludikoan. Izan ere, 14-18 urte arteko nerabeei zuzendu diete deia.

Bertan, karta interaktibo batzuen bidez, narrazioa egin eta desegin arituko dira zuzenean, eta kontatuko diren istorio horien bukaeraren gainean erabakitzeko aukera izango dute.

Izen ematea, nola?

Lekuak mugatuak direnez, ezinbestekoa da jardueran izena-ematea. Hiru bide zabaldu dituzte horretarako: Zukugailua plataformaren atari digitalaren bidezkoa; mail bidezkoa (koord@zukugailua.eus )  eta telefono bidezkoa (06 89 33 77 64). Inskripzioak 15€-ko kostua izango du.

Zukugailua

Ipar Euskal Herriko zinema ekoizle, banatzaile eta aretoen kudeatzaileek sektorea egituratzeko eta kideen arteko komunikazioa indartzeko beharra ikusi zuten urtebeteko gogoeta prozesuan. Hainbat eragile bildu ziren mahaiaren inguruan, eta Zukugailua bezalako plataforma baten beharraz jabetu ziren, elkarlana sustatu eta ikus-entzunezko sorkuntza sustatzeko baliabideak eskaintzeko asmoz. Azken finean, elkartearen helburua industria osoaren garapena da, elkarren arteko lehia eta ezjakintasunak alboratuta.

2020ko azaroan ikusi zuen argia elkarteak, sektoreko hainbat profesionalen ekinez: Aña Errotabehere, Xabi Garat Le Select aretoko zuzendaria, Itziar Leemans zinemagilea, Loïc Legrand zinemagilea, Graxi Irigaray irakasle eta ikerlaria, Ximun Carrere Aldudarrak kooperatibako gerentea, Sylvie Larroque L’Atalante zinema aretoko zuzendaria, Laurent Dufreche muntatzailea, Katti Pochelu Gastibeltza Filmak-eko arduraduna, Jokin Etcheverria kazetari eta sortzailea, Simon Blondeau banatzailea, Ximun Fuchs sortzaile multidiziplinarra, Elsa Oliarj-Ines zinemagilea, Loic Villiot soinu teknikaria eta Myriam Aycaguer zinemagilea.

Lau ardatz nagusiren gainean egiten dute lan: alde batetik, zinemagintza sektorea egituratu nahi dute, eta horretarako, profesionalentzako topaketak antolatu ohi dituzte, elkarlana indartu eta eragileen arteko sarea indartzeko. Bestetik, sorkuntza bultzatzeko asmoz, gazteentzako egonaldiak ere egin izan dituzte. Hirugarrenik, irudi heziketari buruzko lanketa egin nahi dute, eta tailerrak proposatzen dizkiete 18-25 urte arteko gazteei. Eta azkenik, material teknikoa sareratzeko helburua dute, grabaketetarako ekipoak erabili nahi dituzten horien eskura jarrita.

Hala, sektoreko profesionalen zalantzak argitzeko eta beharrak asetzeko plataforma da, proiektuen ezaugarriak kontuan hartuta, ahal beste zuku ateratzeko eskainiko zaien laguntza-zerbitzua.