Sakabanaketaren eta urruntze politikaren amaiera gertukoaren karietara, irudi bidez plazaratu du gaia NAIZ hedabideak. Ikus-entzunezko erreportajea aurkeztu dute, politika horrek eragindakoak eta gaur egungo egoera azaltzeko.

Sakabanaketaren eta urruntze politikaren amaieraren atarian egon gaitezkeela-eta, NAIZek gaia irudi bidez plazaratzea erabaki du. Testigantzak, garai ezberdinetako irudiak eta dokumentuak dira nagusi dispertsioaren hertzak, minak eta ezinak bildu dituen 15 minutu inguruko pieza honetan.

Pakito Lujanbiok ia 30 urte egin zituen kartzelan; Amaiur Iragik 19 urte ditu eta aita kartzelan zuen jaio zenean; Ibon Garatek anaia galdu zuen, bisita baten bueltan hil baitzen, eta Inaxio Oiarzabal SAREko kidea da. Lau horien bizipenek ardatzen dute ‘(ia) Amaiera’ izeneko erreportajearen kontakizunaren haria.