Azaroaren 11tik hilaren 18ra bitartean ospatuko dute 2022ko ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, eta 47 herrialdetako 147 film pantailaratuko dituzte. Hiru izango dira aurtengo Ohorezko Mikeldi sariak: Salaberria, Agnieszka Holland eta Albert Serra.

Kartela-ZInebi 64-zinea

Film labur eta dokumentalei eskainitako A motako nazioarteko zinemaldi bakarra da ZINEBI Espainiar estatuan. 1974az geroztik, sektoreko profesionalentzako elkargune bilakatu da, eta urteak aurrera, Bilbo hiria zinema jaialdi entzutetsuen mapan kokatzea lortu du. Bi urtez formatu hibridoan ospatu ostean, guztiz presentziala izango da 2022ko edizioa.

Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburu eta bozeramaileak, eta Vanesa Fernández Guerra, ZINEBIko zuzendariak gaur goizean prentsaurreko bidez azaldu dituzte 64. edizioko ezaugarriak. 47 herrialdetatik ekarritako 147 filmek osatuko dute egitaraua, eta horietatik erdia baino gehiago emakumeek zuzendutakoak dira eta, halaber, Bilbon izango dute gehienek Espainiar Estatuko estreinaldia.

Hiru Ohorezko Mikeldi sari banatuko dituzte, gainera: Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari barsobiarra, Albert Serra zinemagile espainiarra eta hil berri den Iñigo Salaberria dokumentalgle errenteriarra omenduko dituzte. Hollandek eta Serrak hitza hartzeko aukera izango dute Guggenheim Bilbao Museoan. Salaberriari aitortza egiteko, aldiz, Bilboko Arte Ederren Museoko Auditorioan prestatu dute topaketa berezia.

Azaroaren 11n, ostirala, emango dio hasiera 2022ko edizioari, Arriaga Antzokian. Ohi bezala, 19:30ean hasita, euskal parte hartzea duten eta film laburren sail ofizialean lehiatuko diren lanak pantailaratuko dituzte: Alas/Tierra (Maddi Barber); The Bath (O banho, Maria Inês Gonçalves); Gran Hotel Nazareno (Txuspo Poyo); Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara García); Hitzak (Josu Martinez); Hondarrak (Marta Gómez eta Paula Iglesias); eta Wild Flowers (Divlje Cvijeć, Karla Crnčević). Orotara, sail ofizialean 36 herrialdetako 57 filmek parte hartuko dute.

Itxiera-ekitaldia hilaren 18an egingo dute, eta nazioarteko epaimahaiak sari ofizialen berri emango du. Anca Caramelea Errumaniako programatzaileak (Cine Ecozine Jaialdia); Hilke Doering Oberhausengo Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren arduradunak; Juan Soto zuzendari, ekintzaile eta artxibista kolonbiarrak; Sabina Urraca idazleak; eta Begoña Vicario animazio-zinemako zuzendari eta espezialistak izango dute azken hitza.

Bestalde, Berlin, Venezia, Cannes eta Karlovy Vary zinema jaialdietan aurkeztu diren 9 opera primek osatuko dute ZIFF – Zinebi First Film lehiaketa, eta festibalaren azken egunean ezagutaraziko dute irabazlea ere. Galaren zuzendariak Maria Goirizelaia eta Ane Pikaza izango dira.

Atal paraleloak

Beautiful Docs – Munduko dokumentalen panorama atalean, azken hamabi hilabeteetan mundu osoan estreinatutako bederatzi dokumental esanguratsu proposatuko dituzte. Horietako lau lehen aldiz egongo dira ikusgai Espainiako Estatuan: À vendredi, Robinson (Mitra Farahan), Music for Black Pigeons (Jørgen Leth eta Andreas Koefoed), Une fleur à la bouche (Éric Baudelaire), Casa Susanna (Sébastien Lifshitzen). Gainera, 70. Donostia Zinemaldian arrakastatsu izan den Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto proiektua ere emango dute, 2021eko ZINEBI Networking foroan parte hartu zuena.

Euskal zinemagintzari eskainitako Bertoko Begiradak. Miradas Desde Euskadi atalean, 4 film luze eta 16 film labur aurkeztuko dira. Xixongo Nazioarteko Zinemaldiarekin lankidetzan, bost lan aldi berean estreinatuko dituzte, eta horietako bat Iratxe Fresneda zinemagile bizkaitarraren Tetuan izango da, bere ‘Erregistroaren Trilogia’ itxiko duena. Bestalde, Bigarren ekitaldia (Ainhoa Urgoitia eta Enrique Reu), Alegrías riojanas (Velasco Broca) eta Izaro limoiari eztia (Izaro Andres eta Ander Merino) lanak ere pantailaratuko dituzte Bertoko Begiradak sailean.

Saio bereziak eta Zinebi Meetings

Batetik, Éric Rohmer zinemagile frantziarraren azken film laburrekin osatutako zikloa eskainiko du ZINEBIK, Compagnie Éric Rohmer konpainiari lotutako gidoilari eta zuzendariekin garatu zituenak. Bestetik, Qatarreko Munduko Futbol Koparen harira, futbolari buruzko bi dokumentalez gozatu ahalko da, Athletic Club Fundazioarekin lankidetzan. Pertsona gorrei eskainitako saio bereziak, eta haurrei zuzendutako saioak ere berreskuratuko ditu festibal bilbotarrak aurten.

Ukrainako gerra ere presente egongo da. ‘Once I Was a Filmmaker. Now I Am a Soldier’ zikloaren baitan, hiru film labur eta luze pantailaratuko dituzte, tartean, Mariupolis 2, Mantas Kvedaravičiusek zuzendu baina soldadu errusiarrek erail ostean, Hanna Bilobrova bikoteak amaitu behar izan zuena.  Herrialdeak bizi duen egoera hizpide, zinemagileek eta erakundeetako ordezkariek hitzaldia emango dute Azkuna Zentroko Bastida Zentroan, azaroaren 12an. Hurrengo egunean, Emakumeak Zinemaren Jaialdietan… Non gaude?” izeneko topaketa ospatuko da.

ZIFF ataleko epaimahaikide den Nicole Brenez programatzaile, unibertsitateko irakasle eta idazle frantziarrak, hil berri den Jean-Luc Godarden lanaren garrantziari buruzko masterclass bat eskainiko du hilaren 15ean.

Sarrerak

Azkuna Zentroko Auditorioko eta Golem – Alhóndiga zinemetako emanaldietarako banakako sarrerak (4,50 euro) eta hamar saioko bonoak (35 euro) urriaren 26tik aurrera erosi ahalko dira. Gainera, ZINEBIk bonu bereziak eskainiko ditu langabeentzat, erretiratuentzat (eta 60 urtetik gorakoentzat), zein 26 urtetik beherako ikasle eta gazteentzat, 20 euroan.